Mikel Artolak irabazi dau azken final-zortzirena
2019-10-07 09:36 BertsolaritzeaHurrengo fasean ze bertsolari egongo diran badakigu.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo fasea, final-zortzirenetakoa, amaitu da, Lasarte-Orian zapatuan jokatutako saioagaz. Mikel Artola izan zan irabazlea 429 puntugaz, baina azken kanporaketa horretako puntuazinoa aurrekoak baino bajuagoa izan zan. Hiru bertsolari 400 puntura heldu ezinda geratu ziran.
Artolaren atzetik, Iñaki Zelaia izan zan bigarren Lasarte-Orian, 412,5 puntugaz, eta Oier Aizpurua hirugarrenak 401 batu zituan. Laugarren Unai Izagirre geratu zan (397,5), bosgarren Aitor Salegi (390) eta seigarren Eneko Araiztegi (389,5).
Honenbestez, final laurenetan kantauko daben bertsolariak zeintzuk izango diran erabagita geratu da. Saioetako irabazleek ziurtauta euki dabe txartela, eta ganerakoak puntuazinoaren arabera aukeratu ditue.
Honeek dira hurrengo fasera pasau diran 24 bertsolariak: Haritz Mujika, Beñat Iguaran, Beñat Lizaso, Gorka Maiz, Unai Mendizabal, Ane Labaka, Mikel Artola, Maider Arregi, Jokin Uranga, Nerea Elustondo, Eñaut Martikorena, Unai Muñoa, Iñigo Mantzizidor, Ander Lizarralde, Maialen Akizu, Iñaki Gurrutxaga, Felix Zubia, Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Iban Urdangarin, Iñigo Izagirre, Mikel Tapia, Amaia Iturriotz eta Ane Zuazubiskar.
Ganera, 2015eko finalean kantau eben eta aurtengoan izena emon daben sei bertsolariak be final laurenetan izango dira: Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Jon Maia, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi. Danetara, hortaz, 30 bertsolarik kantauko dabe final-laurenetan, bost saiotan banatuta.
Urriaren 19an jokatuko da fase barriko lehenengo saioa, Andoainen. Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi eta Unai Mendizabal egongo dira oholtzan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!