Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza nagusi II. Bertsokabiko I. kanporaketan

Bizkaie! 2019-10-04 12:36   Bertsolaritzea

Bigarren kanporaketea, urriaren 10ean jokatuko da.

Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, lehenengo kanporaketan irabazle. | Ikusi handiago | Argazki originala





Iruñeko Terminal tabernan jokatutako saioan irabazi dabe, Saioa Alkaizak eta Ainara Ieregik eta Amaia Elizagoienek eta Beñat Astizek osotutako bikoteen aurretik. Giro polita egon da saioan, 50 entzule ingururen aurrean.

Iruñeko Herriko Tabernan jokatu da II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketearen lehen kanporaketea. Hiru bikote eta sei bertsolari izan dira taula gainean: Amaia Elizagoien eta Beñat Astiz, Saioa Alkaiza eta Ainara Ieregi, eta Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginak, barriz, Itsaso Agirrek bete ditu. Publikoko bost personek izan dabe bertsolarien jarduna epaitzeko ardurea, eta eurekaz batera, Cesar Etxeberria eta Julen Zelaieta be ibili dira epaile lanetan. Lan puntuagarriak amaituta, Xabat Illarregik eta Aitor Irastortzak osotutako bikotea izentau dabe saioko irabazle. Modu horretan, urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko dan finalerako txartela eskuratu dabe.

Bikoteka banatu ditue saioan egin beharreko lanak. Lehenengo, gaia emonda, ofiziotan ibili dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastauta. Segidillearen txandan, minutu bateko bina txanda osotu ditue Amaia Elizagoienek, Saioa Alkaizak eta Xabat Illarregik, erritmo ederrean, eta umoreari leku eginez. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, hazurdun frutak, auto markak eta Euskal Herriko ibaiak zerrendatzen ibili dira puntuka hiru bikoteak, hurranez hurran.

Olgeta horren ostean heldu da bakarkako ariketea, Beñat Astizek, Ainara Ieregik eta Aitor Irastortzak bete dabena, oinak emonda habanera bana osotuz. Horren ostean, saioari amaierea emoteko, koplaka hasi dira hiru bikoteak, egoerea emonda. Horren ostean, behin publikoaren eta epaileen eretxiak batuta, jakinarazo dau aurkezleak saioko bikote irabazlea.


Bigarren kanporaketea, urriaren 10ean

Hurrengo eguenean, urriak 10ean, jokatuko da sariketearen bigarren kanporaketea, Zabaldi Alkartasunaren Etxean (Nabarreria kalea), 19:00etan. Hiru bikote izango dira kantuan, sei bertsolarigaz: Iker Gorosterrazu eta Ekain Alegre, Alazne Untxalo eta Irati Majuelo eta Josu Sanjurjo eta Ekhiñe Zapiain. Saioko irabazlea urriaren 24ko finalera sailkatuko da.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jentaurrean kantetako aukerea emoteaz gan, Iruñerriko publikoa bertsozaletzeko helburua dau sariketeak, bertsoa uriburuko eremu informaletara eroanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zanaren figureari gorazarre egin nahi deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu