Jokoteknia jardunaldia barriro egingo dabe

Bizkaie! 2019-10-01 09:16   Euskerea berbagai

Euskerazko bideojokoen topaketearen lehenengo edizinoak arrakastea izan eban igaz.

Azkue Fundazinoak eta Game Erauntsiak, alkarlanean, II. Jokoteknia Euskerazko Bideojokoen Jardunaldia antolatuko dabe urriaren 12an, Bilboko Azkuna Zentroan (09:00-14:00). Igazko estreineko aldian izandako harrera onak bultzatu ditu ekimena barriro egitera.

Oinarria euskerazko bideojokoak izango badira be, oraingo honetan atzerriko aditu batzuk be ekarriko dituela aurreratu dau Azkue Fundazinoak, era horretara jardunaldiari beste ikuspegi bat emoteko asmoz. Lau ardatz izango ditu urriaren 12ko hitzorduak:

- Euskerazko bideojokoen bigarren jardunaldia: Etxeko esperientzietatik ikasteko.

- Ikasle, jokalari eta garatzaileak kontaktuan: Bideojokoen hainbat alderdi aztertzeko asmoz.

- Bertoko kulturea eta industria bultzatzea: Euskeratik eta euskeraz egiten dogu, hemengo bideojokogintzea indartzeko.

- Konbidadu bereziak: Bideojokogintzan dabizan beste komunidade batzuen barri izateko.

Azkueko zuzendari Iurdana Acasusok eta Game Erauntsiko kide Iker Bellidok agerraldia egingo dabe urriaren 3an, Bilboko Euskerearen Etxean, II. Jokotekniaren inguruko argibide gehiago emoteko. Orduan zehaztuko ditue aurtengo hizlariak, eta jorratuko dituen gaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu