'Bertsoeskola.eus' ataria martxan

Bizkaie! 2019-09-30 13:31   Bertsolaritzea

Helduen zein umeen eskoletarako materiala batzen da bertan.

Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak atari barria zabaldu dau interneten, Bertsoeskola.eus, bertso eskoletan dabizanentzako topalekua eta baliabideak eskaintzeko asmoz. Helduentzat zein umeentzat, dozenaka eskola dagoz Euskal Herri guztian, baina orain arte ez dabe izan sareko alkargunerik.

Sakabanatuta egon diran materialak gune bakarrean topauko ditue aurrerantzean bertso eskoletako ikasle zein irakasleek: plazetan erabilitako 700 gai baino gehiago, 400 doinuko biltegia, EHUko Ixa taldeak atondutako errimategia, albisteak... hasibarri zein beteranoentzat egokituta dago webguneko edukia.

Bertsolari ezagunakandik ikastea be aukera ona da norberaren gaitasunak hobetzeko. Holan, Bertsoeskola.eus-en batu ditue bertsoaldi gogoangarrien grabazinoak eta transkripzinoak, baita bertso jarriak be. Ganbara atalean batu ditue horreek.

Horregaz guztiagaz batera, atari barriak bertso eskolen arteko topagune izateko helburua be badauka. Eskola bakotxak sortutakoa erakutsi ahal izango dau bertan, edo beste eskola batzukaz hartu-emonetan jarri.

Ordenagailu, tablet zein eskuko telefonoetarako aproposa da Bertsoeskola.eus. Codesyntax enpreseak garatu dau ataria, igaz martxan jarritako Bertsoikasgela.eus proiektuaren ereduan oinarrituta. Bertsolaritzea irakasten daben ikastetxeentzako webgunea da hori, eta urtebetean emoitza bikaina izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu