Belaunaldi gazteentzako euskerearen garrantzia nabarmendu dabe Baionan

Bizkaie! 2019-09-30 10:34   Euskerea berbagai

Euskerea jakiteak gehitu egiten dau. Euskeraz berba egiteak aberastu egiten gaitu. Zorionekoak gara gu.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea Baionako Bernat Etxepare Lizeoan izan dira astegoienean, Ikastolen Alkarteko ikasturtearen hasiera ekitaldian. Ikastetxe horren eraikin barria inauguretako eta Seaska Iparraldeko Ikastolen Federazinoaren 50. urteurrena ospatzeko be erabili dabe hitzordua. Eleaniztasuna belaunaldi gazteenentzat indargune bihurtzeak dauen garrantzia nabarmendu dau sailburuak, bai eta euskeraz jakin eta erabilera sustatzeak dauena be.

Zupiria pozik agertu da Iparraldeko ikastolek azken hamarkadetan bizi izan daben bilakaera positiboagaitik: 50 urte igaro dira Iparradeko lehen ikastolea sortu ebenetik, eta gaur Seaskak 37 ikastetxe eta 4.000 ikasle ditu lurralde honetan. Ordutik gizartea asko aldatu da, bai Hegoaldean bai Iparraldean.

Sailburuak gaur egun agertzen diran erronkak jorratu ditu, hezkuntzearen ikuspegitik zein euskerearen ikuspuntutik: Egungo aldiak eta gizarteak zailtasun eta erronka barriak dakarz. Hezkuntzearen ikuspegitik, eskatzen dau egungo gizarte digital eta bizkor honetan biziko diran personak trebatzea. Aldi barri honek eskatzen dau gizon eta emakumeen arteko bardintasuna bermatuko dauen formakuntzea emotea gure gazteei; eta eskatzen dau jatorkun mundu barri eta nahasian burujaube eta arazoei aurre egiteko kapaz izango diran herritarrak trebatzea. Bestalde, hizkuntzearen ikuspegitik be erronka handiak ezartzen deuskuz aldi barri honek: eskatzen deusku gure mundu barrian dagoan hizkuntzen aniztasuna jagon eta aniztasun hori gure gazteentzat indargune bihurtzea. Eta, bestetik, eskatzen deusku aniztasun horretan euskereak izan behar dauen tokia jagon eta bermatzea, bai hizkuntza gaitasunaren ikuspegitik bai erabilerearen ikuspegitik.

Hori dala eta, Zupiriaren esanetan, euskereak ez du kentzen, gehitu egiten dau: Euskaldunok gaztelaniaz edo frantsesez bee berba egiten dogu, baita ingelesez be. Hizkuntza txikiago bat dogu oso hizkuntza handien artean. Eta horrek ez dau kentzen, alderantziz, euskerea jakiteak gehitu egiten dau. Euskeraz berba egiteak aberastu egiten gaitu. Zorionekoak gara gu.

Astegoieneko ekitaldian, besteak beste, Alain Rousset Akitania Barriko presidenteak, Jean Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko presidenteak, Peio Jorajuria Seaskako presidenteak eta Koldo Tellitu Ikastolen Federazinoko presidenteak be parte hartu dabe.

Bernat Etxepare lizeoa 1990. urtean sortu zan, eta 18 urtera arte euskera hutsean ikasteko aukerea eskaintzen dauen Iparraldeko lizeo bakarra da. Azken urteetan barrikuntza nabarmena izan dau, eta gaur amaitu da eraikin barriaren inaugurazinoagaz. Barrikuntza horrek bere hezkuntza eskaintzeari be heldu deutso, eta lehen aldiz lanbide heziketea be eskaintzea ahalbidetu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu