Unai Mendizabalek eta Ane Labakak irabazi ditue astegoieneko saioak

Bizkaie! 2019-09-30 08:44   Bertsolaritzea

Urretxu-Zumarragan eta Elgoibarren jokatu dira Gipuzkoako Txapelketako final-zortzirenak.

Elgoibarko saioan, Ane Labaka kantuan eta beste bost bertsolariak atzean (argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Beste saio bi jokatu dira asteburuan 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako fasean. Oraingo honetan, Unai Mendizabal eta Ane Labaka izan dira irabazleak, zapatuan eta domekan hurranez hurran. Hortaz, hurrengo faserako txartela ziurtau dabe biek.

Zumarraga-Urretxuko Zelai Ariztin jokatutako kanporaketan, Unai Mendizabalek batu zituan puntu gehien, 449,5, eta saioko irabazlea izan zan. Harmailak bete-bete egin ziran, sarrera guztiak agortuta. Zizurkildarraren ostean, Nerea Elustondo izan zan bigarren, 439,5 puntugaz.

Iñigo Izagirre izan zan hirugarrena (419), Mikel Tapia laugarrena (417) eta Eli Pagola bosgarrena (416). Iker Ormazabali 378 puntu emon eutsiezen. Gai-jartzailea Iker Iriarte izan zan.

Unai Mendizabal, Zumarraga-Urretxun.

Elgoibarko saioan, ostera, Ane Labakak puntuazino altua eskuratu eban, 458,5. Bigarren lekuan geratu zan Jokin Uranga (443,5). Beste bertsolariak honeek izan ziran: Eñaut Martikorena (437), Iñaki Gurrutxaga (430), Unai Gaztelumendi (424,5) eta Endika Igartzabal (403,5). Gai-jartzaile Ane Ezenarro ibili zan.

Hurrengo asteburuan saio bakarra egongo da, final-zortzirenetako azkena, hain zuzen. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean jokatuko da, oholtzan honeek bertsolariak dagozala: Aitor Salegi, Eneko Araiztegi, Iñaki Zelaia, Mikel Artola, Oier Aizpurua eta Unai Izagirre.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu