Iban del Campo: 'Solte lan egiten segidu gura neuke'
2019-09-30 08:30 BarriketanZinema zuzendari arrasatearra.
Donostiako 67. Zinemaldian, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatu da Glittering Misfits, Iban del Camporen (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) lehen film luzea (74'). Altuna eta Esnal, Arregi, Garaño eta Goenaga, Iñaki Arteta, Iban del Campo, Maider Fernandez Iriarte, Miguel Ángel Jiménez, Loïc Legrand, Mikel Urretabizkaia eta Helena Taberna lehiatu dira Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko eta azkenean, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak eroan dabe La trinchera infinita filman egindako lanagaitik, baita Zidarrezkoa Maskorra be zuzendaritza onenari.
Zinemaldiko Epaimahaiaren Aitamen Berezia jaso dauen Glittering Misfits-en, Dirty Martini eta Tigger! antzezleen gorabeherak nabarmentzen dira eta New Yorkeko off-off Broadwayko nightclub eta kabaretak esploretako bidaian joakuz. Euren eguneroko intimidadetik, ulertarazoko deuskue ze burrukari, ze gakori eta ze arrazoiri esker diran oraindino neo-burlesque fenomenoaren figurak eta erreferenteak, jokera horrek 90eko hamarkadan New Yorken eztanda egin ebanetik 20 urte igaro diranean.
Iban del Campok (Arrasate-Mondragón, Gipuzkoa. 1971) Erasmus beka bati esker ezagutu eban zinemagintzea, Parisko Nouvelle Sorbonne unibersidadean doktoregoko ikastaro bat egin bitartean. Bartzelonako Pompeu Fabra Unibersidadeko Sormenezko Dokumental Masterrean izena emon arren, fikzino-film, dokumental nahiz dokumental faltsu laburrak zuzendu eta produzidu ditu, eta hainbat zinema-jaialdietan aukeratu eta saritu ditue. Film labur honeek osotzen dabe haren filmografia: 2008ko Lo bakarrik (14'- Fikzinoa), 2009ko Dirty Martini (24' - Dokumentala): Kimuak, 2011ko Katebegitik (9' - Fikzinoa), 2016ko Tigger! (10' - Dokumentala), 2018ko Espedizio handia (10' - Fikzinoa): Kimuak eta 2019ko Glittering Misfits (74'- Dokumentala).
1.- Euskal Zinemaren Irizar sarirako burruka gogorra izan da aurten eta azkenean La trinchera infinita filmak irabazi dau. Zein da zure balorazinoa?
Ezin hobea. neure lehen luzea dan Glittering Misfits filmari Aitamen Berezia emotea ezusteko ederra izan da. Pozarren nago, baita ganerakoan be, izan be, izen potoloak egon dira hautagaien artean eta azkenean Euskal Zinemaren Irizar La trinchera infinita-k eroatea ez da izan ezustekoa niretzako; zuzendariek eurek Zidarrezko Maskorra eroan dabe, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak; hori gitxi ez eta filmak Gidoi Onenaren saria be irabazi dau. Igaz Koldo Almadozen Oreina filmak irabazi eban eta aurtengo irabazleak be nahikoa merezimendu dauka saria etxera eroateko.
2.- Zer dauka Donostiako 67. Zinemaldiak hain maitatua izateko?
Mundu osoko zinemagileen lanak eta estilo guztietakoak ikusteko aukerea egoten da. Ezusteko handiak hartzen dozuz, ezagutzen ez nituan filmak, zinema egiteko modu ezbardinak, zuzendariak eta aktoreak deskubridu ditut.
Industriaren atala be nabarmendu gura neuke, izan be, zinemagintzan gero eta indar handiagoa hartzen dago eta horrek inpersonalagoa izatea dakar.
3.- Aurtengo Donostia Sariak hiru dira Costa-Gavras, Penelope Cruz eta Donaldi Sutherland. Bat aukeratzekotan zein haurtuko zeunke?
Akaso, Donald Sutherland, gehien ezagutu dodana dalako. Haren pelikulakaz asko disfrutau dot. Dana dala, Constantin Costa Gavrasek darabilzan gai eta jarrerak be markau nabe eta hor dago dudea; greziarrak erresistentziaren alde eta film guztietan politikea dagoala esateak pentsau eragin deust.
4.- Hilaren 22an, 23an eta 24an emon dabe Glittering Misfits Donostiako Zinemaldian. Zer harrera ikusi dozu ikusleen artean?
Hasierako bertigo eta bildurrak aparte itxita, publikoagaz oso pozik nago, interesauta eta filman oso sartuta ikusi genduzan. Ikusle moduan, lantaldeko beste batzuekaz batera ikusi genduan filma eta jentearen erreakzinoak interesgarriak izan ziran. Jentea nahikoa harrituta geratu zan deskubridu eben burlesque zein New Yorkeko undergroun munduagaz eta barriketaldietan be eretxi onak jaso ditugu.
Beste alde batetik, kazetariak be pozik ikusi doguz eta hori ez da txarra.
5.- Dirty Martini eta Tigger! antzezleen gorabeherak azaltzen dozuz filman. Nortzuk dira?
Piztiak dira, New Yorkeko burlesque eta underground giroaren aitzindariak. Aukerea izan neban eurak ezagutu eta mundu horren gorabeherak barrutik ezagutzeko; lehenengo Dirty Martini ezagutu neban eta geroago Tigger.
Dirty Martini da edertasun kanonak baztertzen dituan artistea. Emakume Rubensiano edo Fellinianotzat hartuko neuke, ameslaria, hezigatxa, frustrazinoak jotakoa eta hor topetan dabe euren amorru guztia bideratzeko modua. Txikitatik jantzan, balletean eta ebilen gustora eta fisikoagaitik baztertua izan zan. Horren ondorioz, burlesquea ezagutu eta horri ekin eutson, ames guztiak bete ahal izateko.
Tigger harribitxia, salbuespena da burlesquearen munduan ze gehienak emakumeak dira. Aktorea, jantzaria eta stripperformerra da, Burlesque Hall of Fame zein Golden Pastie Awards sariak irabazi dituana. Satira politikoa jorratzen dau, sarritan erlijinoa be hankaz gora jarten dau eta proposamen aktibistagoa da Tiggerrena, LGBTIren aldekoa.
Kontuak kontu, asko difrutau dot filma egiten, mundu hori sano interesgarria begitantzen jat eta kamera txiki bat hartu eta laguntzailerik barik, persona bi horreen joan-etorri guztiak segiduten asko ikasi dot.
6.- Satira politikoa, sexua, ironia, burlesquea darabilzuz. Ez daukotsazu bildurrik zentsureari?
Ez. Filmako protagonisten burruketako bat da, tabu guztiei eta AEBetako alde konserbadoreari burla egitea. Sare sozialetan, barriz, upealako tirabirak izaten dira beti mugan dabizelako; dakizunez, Facebookek berak biluziak eta galarazo egiten ditu.
Baina badakizu zinemearen mundua nahikoa konserbadorea da eta ikusteko dago Glittering Misfits filmak zelako indarra eta zabalkundea izango dituan nazinoartean. Potentziala badauka baina zain gagoz.
7.- New Yorkeko underground mundua ezagutzera emon dozu zuren lehenengo film luzean. Gustora geratu zara?
Bai. Neu be underground sentiduten naz [Barreka]. Prozesu osoa neuk egin dot, zuzendari eta produktore lanak be egin ditut eta neketsua izan arren, oso gustora ibili naz. Zinemearen industriatik kanpo, aitatu giroaren espiritua askatasunez islatu gura neban eta pozik geratu naz.
8.- Aurten karga politiko handia dago Zinemaldira aurkeztutako pelikulatan. Costa Gavrasen konpromiso politikoa... Zein da zure eretxia? Zinema zuzendari legez, zeintzuk dira zure helburuak?
Gavrasek be esan eban, film guztietan dagoala politikea. Txinatik etorri barri nago eta ez dot aukera larregi izan Donostiako filmak eta ikusteko baina leitekeana da filmeen oinarri-oinarrian politikea egotea. Kontuan izan, azken aldion iruzur giroa, mobimentu sozial asko sortu dala, ardura handia bizi dogula munduan eta horren eraginez eta izan daiteke ezkutuan holako zeozer barruntetea.
9.- Pedro Almodovarrek zuzendu eta Antonio Banderas protagonista dauen Dolor y gloria hautatu dabe Oscar sarietan, nazinoarteko pelikularik onena atalerako, Alejandro Amenábar eta de Salvador Simó zuzendarien lanen aurretik. Ikusi dozu pelikulea? Gustau jatzu?
Ez dot ikusi, karteleratik nahikoa azkar kendu eben eta ikusi barik geratu naz. Badaukat gogoa ikusteko eta lar esatea ez bada, Almodovarren estiloaren eta neurearen artean badagoz antzekotasunak, transformisten mundua, kabareta, Madrileko Mobidea...
Federico Felliniren 8 1/2 filma be zuzendariaren blokeo egoeraren gorabeherak azaltzekoa izan zan eta Almodovarren barriena, autobiografikotzat hartu izan dabena be hor dago.
10. Culinary Zinema, gastronomia eta zinemea buztartzen dituan atala. Zein da zure eretxia?
Sail horretako filmerik ez dot ikusi baina Donostia eta gastronomia buztartzea ez da oraingo kontua. Basque Culinary Center be hor dago, gastronomia ikastaroak edonon eskaintzen dira eta orain barrikuntzea da Culinary Zinemea atala; azken aldion jokerea da gastronomia edozegaz lotzea, turismoa suspertzeko estrategia legez erabiltea. Zergaitik ez?
11.- Erasmus beka bati esker ezagutu zenduan zinemagintzea, Parisko Nouvelle Sorbonne unibersidadean doktoregoko ikastaro bat egin bitartean. Fikzino-film, dokumental nahiz dokumental faltsu laburrak zuzendu eta produzidu ditu, hainbat zinema-jaialdietan aukeratu eta saritu dituenak. Aurrera begira, ze erronka dozu?
Glitterik Misfits filma sustatzea eta zabaltzea da nire ardura nagusia orain, film idenpendentea izanik, nazinoartean be zelako erantzuna izan leiken ikusi. Hortik gora, modu libre eta independentean lan egiten segidu gura neuke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!