Bilboko saltokietan euskerearen erabilerea sustatuko dabe
2019-09-27 13:01 Euskerea berbagaiBiribilkon izena emoteko epea urriaren 8ra arte egongo da zabalik.
Bilboko Udalak BilbaoDendak uri-merkataritzako plataformeagaz batera ekintza batzuk atondu ditu merkataritza-sektorean euskeraz bizi eta lan egin ahal izateko. Ekintza horreetako bat Biribilko programea da, uriko merkataritza-sektorean lan egiten daben personentzat eta merkatarientzat beren-beregi landutako euskera ikastaroak. Eta, hain zuzen, gaur goizean aurkeztu dabe programea Bilboko udaletxean Euskera eta Hezkuntzako zinegotzi Koldo Narbaizak eta BilbaoDendak uri-merkataritzako plataformako presidentea dan Rafael Gardeazabalek.
Bilboko Udalak, BilbaoDendak uri-merkataritzako plataformeagaz, HABEgaz eta euskaltegien sareagaz alkarlanean, eta Siadecoren laguntzino teknikoagaz, aurten be Biribilko programearen alde egin dau, hau da, Bilboko merkataritzearen arloko euskerearen normalizazinoa sustatzea eta bultzatzea eta euskerearen presentzia areagotzea helburu dauen programearen alde. Azken finean, merkataritzan erabilten dan euskerearen ahozko eta idatzizko komunikazinoa lantzea eta saltokietako ohiko egoeretarako hizkuntza-erispideak emotea dira asmoak.
Aurreko urteetan legez, Biribilkok ondokoak eskaintzen ditu: oinarrizko ikastaroak: oinarrizko ahozko komunikazinoa lantzeko, merkataritzan ohikoak diran egoeretan hizkuntza-arloko erispideak emoteko; eta euskera komertziala hobetzeko ikastaroak, saltokietan erabilten daben euskerearen ahozko zein idatzizko mailea hobetzeko.
Biribilkoren mueta bateko zein besteko ikastaroek 90 orduko iraupena dabe eta euskera-ikastaro horreetan matrikultu ahal izateko, baldintza bat baino ez da eskatzen: Bilboko merkataritza-establezimenduren batean lan egitea edo merkataria izatea.
Horrezaz gan, euskera eskola horreetara joaten diranek doban izango ditute honako zerbitzu eta material honeek: Biribilkoren 2019-2020 urteko ikastarora joan izanaren ziurtagiri personala (ziurtagiria eskuratzeko gitxieneko asistentzia eskolen % 75 da); gaztelania-euskera muetako merkataritza-arloko hiztegiak, jarduera-adar batzuetakoak, saltokietan erabilten diran berbak eta esamoldeak jasoten dituenak; eta saltokietan izakera publikoko merkataritza-arloko testuak (kartelak) gaztelaniatik euskerara itzultzeko dobako zerbitzua.
Izena emoteko epea urriaren 8ra (martitzena) arte egongo da zabalik. Izena zuzenean emon daiteke euskaltegietan edo Biribilko programearen webgunean. Prestakuntza atalean dagoan formularioa beteta zein 688739015 telefonora deituta.
Ikastaroen ordutegiak saltokien ordutegiei egokitutakoak dira, hau da, goizeko lehenengo orduan, dendak zabaldu aurretik, 08:00etatik 09:30era, edo bestela, eguerdian, 14:15etik 15:45era.
Bilboko Udalak eta HABEk diruz lagundutako Biribilko programako ikastaroak euskaltegi batzuetan emoten ditue:
- Bilbo Zaharra. Posta kalea, 8
- Gabriel Aresti. Done Bikandi, 2
- Indautxuko AEK. Urkixo Zumarkalea, 88
- Juan Mateo Zabala. Gordoniz kalea, 22
- Matxintxu AEK. Ramón y Cajal etorbidea, 8
- Lizardi AEK. Txakur kalea, 1
- Santutxuko AEK. Arbidea kalea, 21
- Ulibarri Euskaltegia. Gardoki kalea, 3
Biribilko programearen eta ikastaro horreen gaineko informazinoa www.biribilko.eus webgunean topau daiteke. Hizkuntza Baliabideak atalean doban sartu daiteke sareko itzultzaile automatikoetara, merkataritzako errotuluetara, hiztegietara eta euskerazko oinarrizko esamoldeetara, baita merkataritzan ohikoak diran dokumentuetara eta lan-euskarrietara be.
Bilboko merkataritzarako lehenengo ikastaroak 2009an hasi ziran antolatzen eta ordutik, parte-hartzea gero eta handiagoa izan da. Esangura horretan, aurreko edizinoan 153 persona matrikulau ziren. Partaideen % 74,8 emakumezkoak izan ziren eta batez besteko edadea, 45 urtekoa. Programea abian jarri ebenetik 1.566 persona izan dira parte-hartzaileak.
Igaz Biribilko programako ikastaroetara joan ziran personen balorazinoa oso ona izan zan. 2018-2019 ikasturtean ibili ziran ikasleek, 0 eta 10 arteko eskalan, batez beste 8,4ko puntuazinoa emon eben.
Ikastaro honeetan parte hartu daben persona gehienen ustez euskeraz berba egiteak modu garrantzitsuan laguntzen deutsoio negozioari errentagarriagoa izaten, bezeroak fidelizetako eta kalidade handiagoko zerbitzua emoteko baliogarria dalako, izan be, holan hurrekotasuna eta asebetete-mailea handiagoak dira. Ganera, saltokietan euskerea erabiltea modernizazino, prestigio eta erakargarritasunagaz buztartuta dago.
Bilbaodendak euskerearen alde
Biribilko programearen sustapenaz eta zabalkundeaz gan, BilbaoDendakek euskerea sustatzeko ekintza gehiago egiten ditu Bilboko merkataritzearen arloan. Euskerea egunero erabiltea gure argitalpenetan, emailetan, webguneetan, sare sozialetan, publizidade-kanpainetan eta bestelakoetan.
Eusko Jaurlaritzearen Eman hegoak euskereari kanpaineari babesa: Bilboko Udalagaz batera, txantxangorriaren ikurra diseinau eben ohiko komunikazinoan euskerea erabilten daben dendak erraz identifiketako eta gure hizkuntzagaz konpromisoa ikustarazoteko.
Horreetako bat Euskerea Sustatzen dauen Saltokiarentzako Saria dogu. BilbaoDendak plataformeak 12 edizinotan onarpena agertu deutso Bilboko merkataritza-sektorean egiten daben lanari, Merkataritzako Sarien Galan, eta hori zenbait arlotan. Arlo horreetako bat euskerearena da. 2018an, Euskerea Sustatzen dauen Saltokiarentzako Saria Zazpi Kaleetan dagoan Geuria Merkatua elikagai-dendeari emon jakon, bertako langile guztiak arretea euskeraz egiteko kapaz diralako eta euskerea erabilten proaktiboak diralako, bai bezeroakaz, bai barruko hartu-emonetan. Gainera, webgunea eta sareetako profilak euskeraz ditue erabilgarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!