Belatz taldeak 'Hotz egin duen arren' diskoa aurkeztu dau
2019-09-27 10:24 MusikeaAzkue Fundazinoak antolatutako Banden Lehia irabazi eben 2018an.
Bilbon, Euskerearen Etxean egindako ekitaldian aurkeztu dau Belatz taldeak disko barria, Hotz egin duen arren (Baga-Biga). 2018ko Banden Lehia irabazteagaitik lortu eben diskoa argitaratzeko babesa. Aurkezpenean, Azkue Fundazinoko zuzendari Iurdana Acasuso eta Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru egon dira, Belatzeko taldekideakaz batera.
Acasusok nobedade handi baten barri emon dau: 2018koa Banden Lehiaren azken edizinoa izan zan, aurten ez dabe euskerazko musika-talde barriei laguntzeko lehiaketea antolatuko. Hamar edizino egin ditu, beraz, Banden Lehiak, eta ziklo bat itxi dala adierazo dau Azkueko zuzendariak. Banden Lehia bilduma digitalean entzun leitekez hamar urteotako finalista eta irabazleen kantuak.
Urteotan, 300 bat taldek hartu dabe parte Banden Lehian. Horreetako batzuek ibilbide oparoa egin dabe gero: Haxotz, Enkore, The Mocker's, Odolaren Mintzoa, Eskean Kristö, Urgatz, Izeberg, Zazkel... aitatu leitekez. Azkue Fundazinoko arduradunek estiloen bilakaerea ikusi dabe urtetik urtera; hasieran rock eta metal doinuak ziran jaun eta jaube, baina funka, rapa, post-punka, indie-rocka, elektronikea... lekua hartzen joan dira.
Azken irabazlea da, beraz, Belatz talde gernikarra. Abaniko handiko rocka da gernikarren bereizgarria, Ritxi Aizpururen arabera. Disko barria horren erakusgarri da: Rocka esku askotan itxi dau, poparen erraztasunean, grunge leunenaren ukituetan, rock gogorraren atzaparretan, elektronikearen tantetan, baladen gozotasunean.
Asier Zabala Belatzeko abeslariaren esanetan, estilo asko entzuten doguz, eta nahaste horretatik sortzen dira kantuak. Endika Elizaga eta Ibon Bilbao gitarra joleak be diskoaren aurkezpenean egon dira. Urtzi Iza produktorearen eskua be igarten da Hotz egin duen arren lanean, hari esker Belatzek asko eboluzionau dauela autortu dabe taldekideek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!