UEMAk Hedatu hezkuntza-proiektua indartu dau
2019-09-26 08:03 Euskerea berbagaiMankomunidadeko kide diran herrietako eskoletan erabiliko dabe material barria.
Orain dala hiru urte sortu eban UEMAk Hedatu, udalerri euskaldunetako ikastetxeetan erabilteko materiala dakarren proiektua. Orain arteko materiala osotu, barriztau eta zabaldu dabe, egitasmoa UEMAren parte diran herri gehiagotara eroateko asmoz. Eduki guztia sarean jarri dabe (hemen, eskolek eta irakasleek baino ez daukie sartzeko pasahitza).
UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sensibilizau eta ahalduntzea, arnasguneen garrantziaz konturatu daitezan eta hizkuntza ohituretan euskerea erabiltearen alde egin deien. Hedatu proiektuari esker, ume eta gazteek gai hori lantzen dabe, unidade didaktiko ugariren bidez. Ariketak eta material osogarriak be badagoz unidade bakotxean.
Nobedade handietako bat bideoak dira. Jente euskaldun ezaguna agiri da bideoetan, euskeraz bizitzeak zer emoten deutsen azaltzen. Euskereak zergaitik egiten dituan berezi, eurentzat arnasguneak zer diran, euskerearen alde zer egiten daben, euskaldun izateak sortzen deutsen harrotasuna... azaldu ditue bideoetako alkarrizketetan.
Holan, gazteek euskerea erabiltearen inguruan gogoetea egingo dabe, erreferente diran personen laguntzinoagaz. Zuriñe Hidalgo, Nerea Ibarzabal, Jon Maia, Mikel San Jose, Aitziber Garmendia eta abarren bideoak dagoz.
Eten bako garapenean dago Hedatu, UEMAk azaldu dauenez. 2016an, lehen ikasturtean, Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako zazpi ikastetxetan landu eben hezkuntza proiektua, 400 ikaslegaz, modu esperimentalean. Jasotako ekarpenakaz moldaketak eginda, orain dala urte bi sistematizau eben proiektua, eta harrezkero UEMAko kide diran herrietako eskola guztiek erabili leikie materiala ikasgeletan.
Azalpen zehatzagoak, triptiko honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!