'42 urteotan ikasitakoagaz ekingo deutsagu etapa barriari'

Bizkaie! 2019-09-25 13:44   Euskerea berbagai

Inklusibidadea, feminismoa, jasangarritasuna eta prebentzinoa oinarri hartuta antolatu ditue egitaraua eta bestelako ekimenak.

Ni, Hi, Hura... ikastola mundura! lelopean ospatuko da Kilometroak eguna urriaren 6an, Zarautzen. 42 urteetan zehar garatzen joan dan eredua aldatu egingo da, ostera, 2020tik aurrera. Beraz, egungo moldeagaz, zirkuitua, kontzertuak eta bestelako aisialdi eskaintza oparoagaz atondutako Gipuzkoako ikastolen azken jai eguna urriaren 6koa izango da. 2020koa antolatzeko ardurea Villabona-Amasa eta Zizurkilgo Zubimusu ikastoleak hartu dau. Dana dala, urte osora zabalduko dan alkarlan eredu bat izango da, eta bere egun handia izango dau urriko lehen domekan, baina ez da zirkuiturik izango. Erronka eta bestelako proposamen barritzaileak eskainiko dira. Dagoeneko martxan da lantalde bat. Nekane Artola Ikastolen Alkarteko lehendakariak emon ditu zehetasunak.

Nerea Altxu Zarauzko kilometrotako koordinatzaileak eta Belen Murua zuzendariak, barriz, aurtengo jaia aurkeztu dabe. Urte osoan hainbat lantaldetan parte hartu daben lagunei eta babesleei eskerrak emonez hasi dabe agerraldia.

Altxuk azaldu dau zirkuituak hiru gune izango dituala: Ni-a, Zarautz, malekoian. Bertan, erronkako probak egiteaz gan, herriko hainbat musika talderi egingo jake lekua: Skasti eta Pottors eta Klito kasu; Hi-a ikastolan kokatuko da. Ume eta familientzat egokitutako hainbat gune izango dira. Hura Mollarrin izango da. Gazteenak gogoan atondutako gunea da eta Sonakay, Ane Guria, Bad Sound eta beste hainbat talde izango dira bertan.

Inklusibidadea, feminismoa, jasangarritasuna eta prebentzinoa oinarri hartuta antolatu ditue egitaraua eta bestelako ekimenak. Egun osoan kale animazinoa, jana eta askotariko eskaintzak ez dira faltako. Konbita egin deutsee urriaren 6an ziklo bati amaierea emongo deutson euskerearen jai handira batu daitezan, Zarautzera.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu