Eusko Jaurlaritzeak eta Berria Taldeak hitzarmena aurkeztu dabe

Bizkaie! 2019-09-25 13:15   Euskerea berbagai

Berria-ren komunikazino jarduerea indartzea eta proiektuaren egonkortasun ekonomikoa bermatzea dira asmoak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Berria Taldeak hitzarmena aurkeztu dabe Berria egunkariaren jarduera indartzeko eta proiektuaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko. Akordioren bitartez, euskerazko egunkariak berretsi dau bere konpromisoa egunero kalidadeko edukiak eskaintzeko Interneten zein papelean, euskal gizartean dagoan aniztasuna bermatuz. Hitzarmena hiru urtekoa da, eta Jaurlaritzeak 2.320.000 euro inbertiduko ditu 2019, 2020 eta 2021 urteetan (Danetara, 6.960.000 euro). Akordioak bat egiten dau Kultura eta Hizkuntza Politika Saila euskerazko hedabideak indartzeko Legealdi honetan egiten dagoan apustuagaz.

Hitzarmenaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzeak Donostian dauen egoitzan egin da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Estibaliz Alkorta, Euskerea Sustatzeko zuzendaria; Martxelo Otamendi, Berriako zuzendaria; Beatriz Zabalondo, Berria Taldeko presidentea; eta, azkenik, Iban Arregi, Berria Taldeko kontseilari ordezkaria. Zupiria sailburuak adierazo dau hitzarmenak euskerazko hedabideek egiten daben lanaren autortzea dauela oinarrian: Eusko Jaurlaritzea apustu nabarmena egiten dago Legegintzaldian euskerazko hedabideak indartzeko eta komunikazino proiektuak egonkortzeko, aparteko garrantzia dauelako egiten daben ekarpena euskerearen ikuspuntutik. Funtsezkoa da hedabide publikoek egiten daben lana, eta estrategikotzat hartzen dogu hedabide pribatuen lana euskeraz informetako eta eduki interesgarri eta erakargarriak sortzeko. Autortza hori ardatz, Legealdi honetan ikusi dogu beharrezkoa zala orain arte egoan finantzazino publiko-pribatu ereduan aldaketa batzuk txertatzea eta eta hortik sortu da ganerako erakunde eta hedabideakaz adostutako eredu barria.


Eredu barria

Eusko Jaurlaritzeak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Hekimen alkarteak hitzarmen barri bat aurkeztu eben martian euskerazko hedabideen jarduerea diruz laguntzeko. Hitzarmenaren helburuetako bat zan erakunde bakotxaren ardurea zehaztea euskerazko hedabideak sustatzeko bidean eta administrazino guztientzat erispide adostuak ezartzea. Holan, akordio horrek zehazten dau erakunde bakotxak lagunduko dituan hedabideak: aldundien kasuan, lurraldeetako idatzizko hedabideak; eta Jaurlaritzearen kasuan, izakera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializaduak zein lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak. Bestetik, martian iragarri bezela, eredu barriak Eusko Jaurlaritzearen eta Berria egunkariaren arteko lankidetza-hitzarmen bat aurreikusten dau, hain zuzen be, gaur aurkeztutako akordioa.

Hitzarmenaren arabera, Berriaren konpromisoa izango da egunero kalidadeko eduki interesgarri eta erakargarriak sustatzea, Interneten zein papelean. Era berean, honako helburuak bete beharko ditu hurrengo hiru urteetan: Irakurle kopuru nahikoa izatea; eskaintza informatibo eta eretxikoan euskal gizartean dagoan aniztasuna bermatzea; irakurleen bilakaerearen jarraipena egitea; Euskaldunon hiztun jardunaren erdian jartea; eta bideragarritasun ekonomikoa lortzea; et gitxienez % 55eko finantzaketa propioa bermatzea.

Hitzarmenak Eusko Jaurlaritzearen betebeharrak jasoten ditu. Akordioan zehaztu danez, Eusko Jaurlaritzearen laguntza ekonomikoari jagokonez, hiru urteko kopurua (6.960.000 euro) lau ekitalditan banatuta emongo dau.


Jarraipen Batzordea

Hitzarmen honen bitartez Jarraipen Batzorde bat eratuko da ezarritako helburuak beteten dirala ziurtatzeko. Horretarako, Jarraipen Batzordeak hitzarmena apliketako erispideak ezarriko ditu eta sortu leitezkezan interpretazino eta betete arazoak konponduko. Jarraipen Batzordea hitzarmena izenpetu eta, beranduenez, hilebetera batuko da lehen aldiz

Behin hitzarmena Berriagaz sinatuta, abian da euskerazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu barria, izan be, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak uda honetan onartu dau ganerako hedabideentzako dirulaguntzino deialdirako diru-ekarpena. Aurkeztutako eredu barri honen arabera, Eusko Jaurlaritzeak eta hiru aldundiek, guztira, 10,5 miloe euro jarriko ditue, urtero, euskerazko hedabideak laguntzeko, orain arte jarten ebena baino 3,1 miloe euro gehiago. Jaurlaritzeari jagokonez, guztizko kopuru horren barruan, 7,8 miloe euro jarriko ditu, orain arte jarten ebena baino 3 miloe gehiago (5,5 miloe euro dirulaguntzino deialdian eta 2,3 miloe Berriagaz sinatutako hitzarmenerako). Bai hedabideen deialdian bai Berriagaz sinattako hitzarmenaren kasuan zehaztu da hedabideen bideragarritasuna ez dala erakundeen ardurea izango, proiektu bakotxarena baino. Hori dala eta, erispide orokor lez ezarri da dirulaguntzino bidezko estaldurea aurrekontuaren % 30era heldu daitekeela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu