Hemen da XX. Jantzaldia, Bilboko Nazinoarteko Jantza Jaialdia

Bizkaie! 2019-09-24 13:30   Kulturea

Inaugurazinoa irailaren 26an izango da. Mario Bermúdezek eta Catherine Couryk Duet Alanda eskainiko dabe.



Nazinoarteko Jantza Jaialdi
aren helburuetariko bat izan da herritarrei jokera barriei buruzko eta interpretazino artistikoei buruzko informazinoa ekartea (holakoa da La Fundicion Aretoaren ohiturea). Hona hemen beste helburu bat: loturak ezartzea uriko beste espazio batzuekaz, ezaugarri oso bereziak eukiteagiatik, beste testuinguru batzuk ekarteagaitik edo euren babesa beste harrera-mueta bategaz emoteagaitik, bai piezei bai ikusleei jagokenez. Eta hirugarren helburua: Bilbo jantza sareetan kokatzen jarraitzea.

Sortzaile askogaz ospatuko dabe edizino hau eta eurekaz batera parte-hartze tailerrak, lan-prozesuak, estreinaldiak, masterclass-ak, emonaldien osteko topaketak eta kolaboratzaileak izango dira. Jaialdiaren inaugurazinoa irailaren 26an izango da Rekalde Aretoan eta hor Mario Bermúdezek eta Catherine Couryk sortutako Duet Alanda obrea aurkeztuko dabe.

Irailaren 28an, Olivier Duboisek bere intensidadea eta bere ohiko zintzotasun gordina ekarriko ditu Azkuna Zentrora Pour sortir au jour piezeagaz. Zemendiaren 3an, BBK Aretoan, Rocío Molina flamenko barriaren ikonoak work-in-progress formatuko Impulso lana ekarriko deusku, musikeagaz eta gitarrakaz ezarritako buztarketan. Zemendiaren 7an, Merce Cunningham koreografo handiari egindako omenaldi batez gozauko dogu Azkuna Zentroan, Not a moment too soon obreagaz Trevor Carlson polifazetikoaren eskutik. Berak lagundu eutson bizitzaren azken urteetan (konpainiaren amaieraz eta haren herentzia artistikoaz arduratu zan) eta orain, interprete legez eta Ferran Carvajalen zuzendaritzapean, diziplina anitzeko pieza bat egin dau koreografoak berak grabautako irudi askogaz batera.

Zemendiaren 23an, Guggenheim Museora joango gara Marco Flores flamenko-jantzariaren azken lana ikusteko: Extrema piezeagaz nortasun barrien bila abiatu da.

Zemendiaren 30ean eta abenduaren 1ean, La Fundicionen egongo da Claudia Dias Sete Dias Sete Peças proiektuagaz. Oraingo honetan Thursday izeneko lanagaz etorriko da (Idoia Zabaletaren kolaborazinoagaz sortu dau) eta oso auzi erradikalak planteauko ditu.

Abenduaren 6an eta 7an, La Fundicionen segiduko dogu pieza bakan-bakana ikusteko eta Aneckxander izeneko personaia bereziari harrerea egiteko, Alexander Vantournhout eta Bauke Lievens-en eskutik.

Abenduaren 12an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoko auditorioan, oso konpainia onean gozauko dogu Dance Generation parte-hartze tailerraren emoitzaz. Taiat Dansak zuzendutako tailerra aurreko egunetan egingo da esandako eraikinean.

Zinemeak be izango dau bere lekua, zelan ez. Roberto Menéndezek egindako film dokumentala Espainiako bost Jantza Sari Nazionalari eskainita dago, eta urriaren 3an Daniel Abreuren presentzia izango dogu (Espainiako Sari nazionala izan zan 2014an) La Fundicioneko ikusleen tailerrean. Bestetik, UPV/EHUko ikus-entzunezko komunikazino departamenduak programazino berezi bat egingo dau Arkitektoen Alkargoan zemendiaren 28an.

Marco Floresek Aresti Landa Jantza Eskolan zemendiaren 24an emongo dauen masterclass-ak eta sortzaileakaz izango diran topaketek zarratuko dabe jardueren zikloa.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu