Euskerazko kode-poesia helburu
2019-09-24 09:42 Euskerea berbagaiTailerrak antolatu ditu Puntu Eus Fundazinoak, sorkuntza digitala bultzatzeko.
Informatikea eta programazinoa eguneroko bizitzearen parte bihurtu ziranetik urte batzuk pasau dira. Aplikazinoak, programak eta abar egiteko ezinbestekoa da informatikako kode-lengoaia, baina poesia be egin leiteke horregaz. Puntu Eus Fundazinoak euskerara ekarri nahi dau olerkigintzea eta programazino informatikoa buztartzen dituan modalidade berezi hori.
Izan be, kode-poesia aspaldi asmatuta dago, baina sortutako olerki gehienak ingelesez dagoz, programazinoko agindu gehienak be hizkuntza horretan egoten diralako. Baina, berez, nahi dan hizkuntzan egin leiteke kode-poesia, euskeraz be bai. Puntu Eusek hiru laborategi egingo ditu, eta parte-hartzaileek sortzen dituen olerkiakaz liburu digitala ateratzea da asmoa.
Gaur, hilak 24, izango da lehenengo tailerra, Donostian. Hurrengo hitzordua urriaren 2an, datorren asteko eguaztenean izango da, Bilbon, Euskerearen Etxean, 17:00etatik 19:00etara. Urriaren 8an egingo dabe azkena, Gasteizko Oihaneder etxean. Hiru tailerretan doban emon leiteke izena.
Ikastaroetan, kode-poesia zelan egin erakutsiko dau Bertol Arrieta informatikari eta idazleak. Programazino informatikorako lengoaia poesia egiteko erabiltea da helburu nagusia. Testu hori benetan funtzionetan dauen programa edo aplikazino baten oinarria izan leiteke, baina ez derrigorrez.
Kode-poesia laborategia esperimentazinorako eremu digital edegia izango da, parte-hartze edegiduna, eta ekarpenak edozein momentutan egin leitekez. Euskerazko sormen digitala bultzatzea da Puntu Eus Fundazinoaren helburu nagusia.
Argibide gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!