Urriaren 3tik 24ra jokatuko da II. Bertsokabi – Eugenio Arraiza Sariketea
2019-09-23 07:56 BertsolaritzeaBikoteka kantauko dabe Nafarroako 18 bertsolari gaztek.
2017an ekin eutson Nafarroako Bertsozale Alkarteak Bertsokabi – Eugenio Arraiza Sariketeari, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazinoaren laguntzinoagaz. Orduko erantzun bikainak hauspotuta dator sariketearen bigarren aldia, urriaren 3an hasi eta 24an amaituko dana. Danetara, lau saio izango ditu, hiru kanporaketa eta finala, Iruñeko beste hainbat gune informaletan. 15 eta 30 urte bitarteko 18 bertsolari ibiliko dira kantuan, bikoteka.
Sariketeak herrialdeko bertsolari gazteei trebatzeko eta jentaurrean kantetako aukerea emotea dau helburu, bai eta Iruñerriko publiko gaztea bertsozaletzea be, bertsoa uriburuko eremu informaletara eroanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zanaren figureari gorazarre egin gura deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzearen eta euskalgintzearen alor ugaritan ibili zan Arraiza, besteak beste, Nafarroako Bertsozale Alkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zan urteetan. Horrezaz gan, Udako Euskal Unibersidadearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzearen, Arturo Kanpion Euskaltegiaren, Karrikiri alkartearen eta Euskokultur Fundazinoaren sustatzaile be izan zan, beste egitasmo askoren artean.
Terminal tabernan, Zabaldin eta Mendillorriko Antzara gunean jokatuko dira hiru kanporaketak, urriaren 3an, 10ean eta 17an, hurranez hurran. Hiru bikotek (sei bertsolarik) hartuko dabe parte kanporaketa bakotxean. Saioa irabazten dauen bikotea zuzenean sailkatuko da urriaren 24an Herriko Tabernan izango dan finalera. Hiru bikote izango dira bertan, nor baino nor. Ondorengoa izango da sariketearen egiturea:
1. Kanporaketea. Urriaren 3an, eguenean. 19:00etan, Terminal tabernan.
• Ekhiñe Zapiain-Josu Sanjurjo.
• Ainara Ieregi-Saioa Alkaiza.
• Aitor Irastortza-Xabat Illarregi.
2. Kanporaketea. Urriaren 10ean, eguenean. 19:00etan, Zabaldin.
• Ekain Alegre-Iker Gorosterrazu.
• Irati Majuelo-Alazne Untxalo.
• Beñat Astiz-Amaia Elizagoien.
3. Kanporaketa. Urriaren 17an, eguenean, 19:00etan, Antzaran (Mendillorri).
• Mikel Lasarte-Sarai Robles.
• Endika Legarra-Joanes Illarregi.
• Etxahun Azkarraga-Patxi Castillo.
Finala. Urriak 24an, eguenean, 18:30ean, Herriko Tabernan.
• 1.kanporaketako irabazleak.
• 2.kanporaketako irabazleak.
• 3.kanporaketako irabazleak.
Hamezortzi bertsolariez gan, beste lagun asko batuko dira; Nafarroako gai-jartzaile taldea ibiliko da saioetarako gaiak atontzen eta hainbat gazte ibiliko dira saioak aurkezten. Saioak epaitzeko arduran publikoak be izango dau zeresana, horretarako banatuko diran orrien bitartez.
Sariketak, bertsolari gazteentzako akuilu
Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketea eta Bardoak taldekako bertso ekimenagaz batera, bertsolari gazte eta hasibarrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Alkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Txandaka, sariketa nagusi bi izaten dira: Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon), eta Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketea, orain urte bi hasitakoa, ordura arte Goizuetan egiten zan Xalto Sariketearen ordez.
Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, euren bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukerea ematen deutsen neurian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok emon zituen lehen pausuak gazteentzako bertso sariketetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!