Susana Blascoren lanak Bilboko Azkuna Zentroaren fatxadan

Bizkaie! 2019-09-20 12:22   Kulturea

Susana Blasco diseinatzaile grafiko eta ilustratzaileak No rain, no gain proponidu dau Fatxada proiekturako.

Susana Blasco diseinatzaile grafiko, ilustratzaile eta collage-egileak No rain, no gain proponidu dau Bilboko Azkuna Zentroko Fatxada proiekturako, diseinua, ilustrazinoa eta komikia proiektuaren barruan, Arrikibarreko fatxadarako ad hoc sortutako hiru collagez osotutako triptikoa. Pieza bakotxa topautako argazkiakaz eginda dago, horreek ebagi eta fotograma eran barriro moldatuta, eta euri-intensidade ezbardinakaz datorren diskursoa sortzen dau; holan azaldu dau artisteak berak: Piezen abiapuntua idea biltzaile bat da, beti dagoana, ebitauezina, hain zuzen, Bilboko euria. Euria haren adierazpen literalenean eta likidoenean, baina era figuratiboan be bai, ezbeharren metafora legez, bizitzarako beharrezko elementu arazle eta eraldatzaile moduan.

Hainbat irakurketa-maila batzen dira kontzeptu ardatz horretara: Lehenengoa eraikinarekin lotuta dago zuzenean, eta barruan sartzeko konbita izan nahi dau, bertan babesteko. Triptikoa espazioagaz mimetizetako pentsauta dago, beti hantxe egon izan balitz legez, koloreakaitik, zein norberaren eta besteren lehenaldiari, historiari, sustraiei egindako erreferentziagaitik. Fikzinoko memoria edo gomuta asmau moduko bat da. Bigarren irakurketa-mailan, Bilbori buruz dabil, euriaz, funts moduan, uriko bizi-ataltzat hartuta, urian bizi garenontzat. Eta, bisitetan dabenentzat, ia souvenir bihurtu dan ikur bezela. Hirugarren mailea personalena da, artistearen esperientzia personalari lotzen jakona, Bilbok eta bertako euri eraldatzaileak niretzat izan daben esangurea, nire burua zelan berrasmau behar izan dodan, nire pieza guztiak barriro kokatuz, dana ondo moldatuta, jarioak jarrai daian.


Susana Blasco

Interes berezia dau memoria, denporea, iragana, gomuta, ahaztea eta emakumea ikertzeko, eta, sarri, merkatu txikietan lortutako argazki zaharrak edo topautako objektu txikiak erabilten ditu abiaburutzat. Bestalde, lotura berezia dau geometriagaz, zatiketeagaz, errepikapenagaz, ordena konpulsiboagaz, eta zuri eta okrearen inguruko gama kromatiko berezi bategaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu