Euskerea darabilen akademien gidaliburua atera dabe Getxon
2019-09-20 10:15 Euskerea berbagaiHainbat alorretako 37 zentrok euskerazko eskaintzea dabe udalerrian.
Euskerearen Plan Estrategikoaren 2019-2022ko edizinoan jasota dagoan legez, Getxoko Udalak gidaliburua argitaratu dau, euskerazko klaseak emoten dituen akademia eta zentroen inguruko informazinoa zabaltzeko. Era horretara, hezkuntza arautuaz kanpoko formakuntzan be euskerearen erabilerea erraztu nahi dabe.
Udalaren kalkuluaren arabera, gaur egun, 37 akademia eta ikasketa-zentrok daukie euskerazko eskaintzea, eta horreekaz guztiakaz hitzarmena sinatuta dauka, bakotxak bere euskera plana egin deian. Konpromiso horren barruan dago akademiek euskerazko klaseak izatea, baita paisaia linguistikoa euskalduntzea eta webgunea euskeraz ipintea be.
Alor ugaritako akademiak agiri dira Udalak plazaratu barri dauen gidan: aholkularitza psikopedagogikoa, irakurketa azkarra, musikea, jantzea, artea, eskulanak, informatikea, sukaldaritzea, zirkua eta abar. Jakina, euskerea erakusten daben zentroak be agiri dira.
Horreetan 37 akademietan eskuratu leitekez gidearen papelezko aleak, doban. Ikastetxeetan, kultura etxeetan, liburutegietan, euskaltegietan eta Gazte Informazino Bulegoan be badagoz. Online irakurri nahi izan ezkero, hemen dago.
Getxoko Euskera zinegotzi Irantzu Uriartek adierazo dauenez, eskola edo lan orduetatik kanpo, umeek, gazteek eta helduok egiten doguzan jarduerak euskeraz egin ahal izatea oso garrantzitsua da. Helburu hori gogoan, urteak daroaz Udalak herriko akademiakaz alkarlanean, zubi-lana egiten, Uriartek ganeratu dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!