Barrikuntzak dakarz Guggenheimeko hezkuntza-programeak

Bizkaie! 2019-09-19 09:07   Kulturea

Bisitaldi birtualak, material digitalak eta egonaldiak dira nobedadeak.

Juan Ignacio Vidarte eta Gorka Martinez, hezkuntza-programea aurkezten (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoak 2019-2020 ikasturteko hezkuntza-programak aurkeztu deutsez alor horretako EAEko eragileei. Eskoletan arte garaikidearen eta arkitekturearen inguruko ezagutzea, ikaskuntzea eta gozamena sustatzea da helburua. Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak eta Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak emon ditue azalpenak. Azken erakunde hori da hezkuntza-programearen babeslea.

Aurtengo ikasturteari jagokonez, hainbat barrikuntza sartu ditu Guggenheimek egitarauan. Nobedade nagusiak bisitaldi birtualak, material digitalak eta egonaldiak izango dira. Aurreko ikasturtean, 34.000 neska-mutilek hartu eben parte programan, eta aurten be modu interesgarri, parte-hartzaile eta ludikoan hurreratu nahi deutsie arte garaikidearen mundua.

Honeek izango dira 2019-2020ko hezkuntza-programako jarduera nagusiak:

- Orientazino-saioak: Erakusketa bat inauguretan dan bakotxean, museoko hezkuntza-taldeak orientazino-saio batera konbidauko ditu irakasleak, aurrerago ikasleakaz museora egingo daben bisitaldia preparetan laguntzeko.

- Bisitaldi autokudeatuak: Irakasleek ikasgela legez erabili ahal izango dabe museoa bera, dobako bisitaldiak egiteko aukera eta guzti.

- Bisitaldi birtualak: Museora joan ezin daben ikastetxeek modu birtualean eta denpora errealean ikusi ahal izango ditue museoko artelanak, Skype bidez, munduko edozein txokotatik. Hainbat hizkuntzatan egingo ditue bisita birtualak, eta galderak egiteko modua izango dabe parte-hartzaileek.

- Baliabide didaktikoak: Museoaren webgunean, irakasleek eskuragarri ditue bildumako obra batzuei buruzko ikastaroak: Jeff Koons-en Puppy, Louise Bourgeois-en Ama eta Richard Serraren Denboraren materia, besteak beste. Sway aplikazinoaren bidez, aldi baterako erakusketen inguruko ibilbide gomendatuak, bideoak, argazkiak eta jarduera-proposamenak eskainiko ditu museoak. Umeen Hezkuntzatik Batxilergoraino egokituta, ikasleentzako mapak eta ibilbideak be deskargau ahal izango dira.

- Egonaldi artistikoak: Artistak ezinbesteko piezea dira ikasgeletan pentsamendua eta sormena sustatzeko. Horregaitik, ikastetxeakaz alkarlanean, Artea ikasbide programearen barruan, museoan bertan egiten dabe lan artistek, hezkuntza-proiektuak pentsetan eta garatzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu