'EzBerdin Berdinak' aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2025-10-09 07:53   Kulturea

Euskal identidade garaikidea birpentsetako esperientzia artistiko eta parte-hartzailea.



EITBren Bilboko egoitzako Izan Ongi gunean, EzBerdin Berdinak aurkeztu dabe jentaurrean, Eusko Ikaskuntzak Kukai Dantza Taldeagaz eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileen talde zabal bategaz alkarlanean bultzatutako hausnarketa sortzailea.

Eusko Jaurlaritzeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udalek babestuta, Laboral Kutxaren eta EITBren babesa be badauka.

Ekitaldian parte hartu dabe Iñaki Zabaleta, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak; Leire Vargas eta Sabin Bikandi, saioetan parte hartuko daben sortzaileak (bertsolaria eta musikaria, hurranez hurran); Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendari nagusia; eta Joseba Koldo Pérez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskera zuzendariak. Bilboko Udaleko Kultura zuzendari Iñaki López de Aguileta, bai eta EITBko Kultura eta Euskera Zuzendari Vanessa Fernández eta Laboral Kutxako Bizkaiko Komunikazino arduradun Álvaro Parro be bertan izan dira.

Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak ekin deutso aurkezpenari, ekimenaren helburuak azalduz: Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren legadu gogoetatsuari zabalkundea eta jarraipena emon nahi deutsagu. Kongresu horrek, 2024ean, hizkuntza artistikoari helarazo eutsozan identidadeari, euskereari, aniztasunari eta etorkizun partekatuari buruzko gogoetak, ikuspegi edegi eta inklusiboan oinarrituz. Esangura horretan, arteak gizartea eraldatzeko dauen gaitasuna azpimarratu dau: euskal nortasunari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatu nahi da, euskal kulturan oinarritutako proposamen artistiko barritzailea ardatz, belaunaldien arteko alkarrizketa eta lurralde-kohesinoa bultzatuz, gaineratu dau Zabaletak.

Beste alde batetik, Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Aitor Aldasorok, azpimarratu dauenez, -EzBerdin Berdinak- proiektuaren balioa, artearen eta hizkuntzearen indar eraldatzailea gizarte-kohesinoa sendotzea da. Nabarmendu dauenez, euskereak eta kultureak alkarregaz egiten dabenean bidea, komunidadea indartu egiten da, euskerea jagoteko ondarea da eta etorkizuna imajinetako eta komunidadea sortzeko giltza. Haren esanetan, holako ekimenek erakusten dabe sormen artistikoak belaunaldien, lurraldeen eta sensibilidade ezbardinen artean zubiak sortu leikezala eta euskerea eta euskal kulturea herria etorkizunera proiektetak indar bizi bihurtu leikiela.

Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak egin dau berba eta adierazo dauenez, gizarte hobea bilatzeko prozesuak aniztasunaren aurreko errespetua, bizikidetzea, kulturartekotasuna, integrazinoa, gizarte eta lurralde-kohesinoa, ezbardintasunen kontrako burruka, alkar entzun-ulertzea lako balioetan oinarritua, zerikusi handia dauela hemen iragarten gabizanagaz, nabarmendu dau.

Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak azpimarratu dau holako ekimenek gure gizartearen loturak indartzen dituela eta kulturea dala horretarako oinarrizko ardatza.

Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendariak ondokoa gaineratu dau: etorkizunean gure gizartea zelakoa izatea nahi dogun ikertzeko saiakerea da esku artean dauena Eusko Ikaskuntzeak ekimen honegaz.

Arabako Foru Aldundiko Euskera zuzendariaren esanetan, oinarrizko gai bati heltzen deutso, izan be, guztioi eragin eta kezkatzen gaitu, azaldu dau.

Kontuak kontu, aurkezpenean nabarmendu da EzBerdin Berdinak ez dala ohiko ikuskizuna, esperientzia bat baino, identidadearen, alkarbizitearen eta euskerearen inguruko hausnarketak sustatuko dituana. Ze lotura dago tradizinoaren eta modernidadearen artean, belaunaldi eta lurraldeen artean? Zer egiteko dabe euskereak eta kultureak gizarte plural eta aldakor batean?

Beraz, jantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritzea, antzerkia eta zuzeneko musikeak (txalaparta, rapa edo elektronika) buztartzen dituan gogoeta sortzailea da. Estiloen eta diziplinen arteko fusinoa, indarra eta emozinoa transmitiduten dituana, bai eta aniztasuna sortzetik eta euskeratik naturaltasun osoz batzeko gaitasun ikaragarria dauena be. Besteak beste, Odei Barroso, La Furia, Leire Vargas, Mixel Etxekopar, Sabin Bikandi, La Pulga edo Jesus Herrera izango dira saioetan.

Edozeinentzako ikuskizuna, Eusko Ikaskuntza erakundeak zorroztasun zientifikoa emoten deutso EzBerdin Berdinak dinamikei, alkarrizketea errazteko eta ikusleen artean eretxiak konpartidu ahal izateko, modu arin eta atseginean. Gainera, birea amaitutakoan, prozesuan zehar jasotako inpresino eta hausnarketa guztiak begirada kritikoan oinarrituz batuko dira 2026ko hasieran aurkeztuko dan txostenean.

Egutegia eta sarrerak

EzBerdin Berdinak birea Bilbon hasiko da, EiTBren egoitzako 5. platoan, urriaren 24an eta 25ean, 19:004etan, eta Iruñean jarraituko dau zemendiaren 8an, Nafarroako Unibersidade Publikoko frontoian, 18:00etan. Ondoren, proiektua Donibane-Garaziko Jaï Alaï trinketera helduko da zemendiaren 28an, eta abenduaren 12an Gasteizko Europa Jauregira, 19:00retan. Birea Donostian amaituko da, abenduaren 19an eta 20an, Tabakalerako patioan, 19:00retan.

Nabarmentzekoa da urriaren 25ean Bilbon, zemendiaren 28an Donibane Garazin eta abenduaren 20an Donostian izango diran saioek formatu laburragoa izango dabela. Sarrerak Eusko Ikaskuntzaren webgunean (www.eusko-ikaskuntza.eus) dagoz.

Zazpi saio esklusibo izango dira, 18 euroan baina tarifa murriztua 15 eurokoa izango da urriaren 17a baino lehen egindako erosketetarako. Eusko Ikaskuntzako bazkideek 9 euroko prezio
berezia izango dabe, 5 eurokoa izango dana urriaren 17ra arte.

Informazio gehiago eta sarrerak hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu