Anna Morales (SizeMatters) eta alexby11 youtuberra Amorebietan izango dira

Bizkaie! 2025-10-09 09:30   Kulturea

Mangamore jaialdiaren barruan.

Koldo Bilbao eta Ainhoa Salterain. | Ikusi handiago | Argazki originala

Asteburu honetan, japoniar kulturea, manga, animea, bideojokoa eta askoz gehiago batuko dira Amorebieta-Etxanoko XIX. Mangamore Jaialdian. Urriaren 11n eta 12an egingo da, udalerriko hainbat lekutan.

Jaialdiaren espazioak eta ekintzak

Mangamore udalerriko lau espaziotan egingo da eta bakotxak egitarau propioa izango dau, bertaratzen diranei aukera ugari eskainiz.

  • Amorebieta IV Frontoia. Jaialdiko jarduera eszeniko eta kulturalen agertoki nagusia izango da: cosplay, karaokea, asian dance, berbaldiak, zuzeneko showak, errezitaldiak, arte martzialen erakustaldiak edo eduki sortzaileekaz berbaldiak...
  • Zelaieta Zentroa. Jaialdiaren gune interaktibo eta parte-hartzailea izango da, batez be, gazteentzat eta familientzat diseinautako guneekaz. Bertan, stand ez-komertzialeko gunea eta familia-gunea egongo dira, umeentzako diseinauta.
  • Zelaieta parkea. Japoniako manga, anime eta kultureagaz zerikusia daben denda eta standak (Artist Alley) izango ditu. Horreekaz batera, gune gastronomikoa egongo da, baita Star Wars Legion 501 eta Kiosko Spare gunea. Era berean, Txu Txu tren tradizionala be herritik ibiliko da.
  • Zornotza Aretoa eta Herriko Plaza. Zornotza Aretoan bideojokoen txapelketak atondu dira eta Herriko Plazan puzgarriak egongo dira, baita umore horiko zirkuituak be.

Jarduerak

Mangamoreren programazinoaren barruan, zientzia, entretenimendua eta pop kulturea buztartzen dituen lehen mailako konbidaduak be izango dira.

  • Anna Morales (SizeMatters). Estaduko zientzia-dibulgatzaile ezagunena da eta Ciencia con Pokémon ikuskizuna aurkeztuko dau hitzaldi bisual eta interaktibo batean. Bertan, Pikachu edo Bulbasaur lako Pokemonen atzean dagoan zientzia adierazoko dau, ilustrazinoa, biologia eta pop kulturea buztartuz.
  • Alexby11. Eragin handiko youtuber horrek 8 miloe harpidedun baino gehiago ditu eta Mangamoren izango da. YouTube sortu zanetik, Alexby11k leku garrantzitsua lortu dau gamer komunidadean.

Dragoi Bola Super, orain euskeraz

Barikuan, zemendiaren 11n, 16:00etan, Zelaietan Dragoi Bola Super telesailaren euskerazko bikoizketa aurkeztuko da. Telesaila zemendian aurkeztuko da Makusi plataforman baina Mangamoren, telesaileko bikoizketa ahots taldeak parte hartuko dau, besteak beste, Amaia Ugartemendia (Ladybug), Andrea Sanz (Dora esploratzailea), Gaizka Soria (Raphael ninja dortoka), Igone González (SuperDino).

Artista zornotzarren parte-hartzea

Mangamorek tokiko izaera inklusiboa indartzen dau urtero, Amorebieta-Etxanoko artista, denda eta kultur eragileen presentzia sustatuz.

Edizino honetan Erikainblueshop, Gorgoku-art, Shxro7 eta Pawttea ilustratzaile eta sortzaileak nabarmentzen dira, Zelaieta Zentroan gune propioa izango dabenak. Herriko Jack ‘s Cave Shop dendak be parte hartuko dau Zelaieta parkeko merkataritza-gunean eta Forjadores Alkarteak Magic txapelketea atonduko dau.

Gainera, Luis Urrengoetxea kalean dagoan Antxeta by Taberu Tabernak Mangamore pintxo berezia eskainiko dau asteburuan eta Zornotza Musika Bandak be kontzertua eskainiko dau.

Japonia

Manga eta animetik harago, Mangamorek espazio garrantzitsua emoten deutso japoniar kultureari.

Horreen barruan Kazeoto taldearen kontzertua atondu dabe, barikuan, hilak 11, 16:00etan Amorebieta IV Frontoian. Errezitaldiak Tsugaru Shamisen, Shinbone eta taiko instrumentu tradizionalekaz egindako musika errezitaldia eskainiko dau.

Zapatuan, Zelaieta Zentroan tearen zeremoniaren erakustaldia egingo da (Chado), Mina no Kimonoren eskutik. Domekan, barriz, Laura Maraver adituaren txandea izango da. Kitsukearen artea, kimonoa janzteko teknika tradizinonala, erakutsiko dau frontoian, sinboliko bezain konplejua. Horrezaz gan, asteburu osoan zehar, Zelaieta Zentroko lehen solairuan, Onuki Collectionek atondutako Tori arte erakusketea bisitau ahal izango da.

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak ekitaldiaren balio kultural eta komunidarioa azpimarratu gura izan dau: Mangamore Japoniako manga edo kultureari buruzko jaialdia baino askoz gehiago da. Sormena, tokiko parte-hartzea eta belaunaldien arteko hartu-emonak batzen dituan hitzordua da. Urtero, milaka lagunek bisitetan gaitue, Amorebieta-Etxano kultur-gune bihurtuz. Harro egoteko modukoa da proiektu urtetik urtera hazten doala ikustea, baita zornotzarren talentua jasoten jarraitzen dauela ikustea be.

Sarrerea doban

Mangamoreko jarduera guztiak doban izango dira, aforoa bete arte. Jaialdiari buruzko informazino guztia hemen dago eskuragarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu