Arrano Pertxa eta Lengu Iluna taldeak 'Zenbat' izeneko bideoklipa aurkeztu dau
2019-09-18 09:15 MusikeaHelburua disko oso bat argitaratzea izan ez arren, urte honetan lau abesti eta bideoklip erregalau deuskuz taldeak.
Urte hasieran esan eben moduan, taldeak bere 4. singela argitaratu dau gaur. Lan eredu barri honetan, taldeak disko fisikoa argitaratu beharrean, abesti solteak aurkeztu ditu urtean zehar bideoklip baten laguntzaz.
Kontuak kontu, Arrano Pertxa eta Lengu Iluna taldeak 2019. urtean argitaratutako laugarren bideoklipa aurkeztu dau gaur: Ezinaren atzetik, G-Folk euskalabria eta Urdaiboys (feat. Gatom) abestiak aurkeztu eta gero, Zenbat abestia dakar taldeak, ohikoa dan Lehia abestiaren letran islatuz errima gogor eta gordinakaz.
Urko Gonzalezek (FDLN talde ohiaren MCak) eta David Rodriguez a.k.a. ELADOSKUROk (La Bandha del Patio taldeko produktoreak) 2016an alkarregaz Kid MIDI & Bang!Vega lana argitaratu eta gero, Arrano Pertxa eta Lengu Iluna proiektua sortu eben eta 2018. urtean lehen lan fisikoa argitaratu eben Jaungoikoa, dirua eta erritmo zaharra (Taupaka Alkartea, 2018).
Aurten, barriz, taldearen helburua disko oso bat argitaratzea izan ez arren, urte honetan zehar lau abesti eta bideoklip erregalau deuskuz taldeak, danak Taupaka Alkartearen youtube kanalean ikusi daitekezanak.
Zenbat abesti barri honi jagokonez, Arrano eta Lenguk Dr.Bravo produktorearen beat bategaz lan egin dabe. Grabazinoaz, nahasketaz eta masterraz Lengu Iluna arduratu da. Bideoa Luigi Crocantik grabau dau Lengu Ilunaren laguntzinoagaz eta edizinoa bera taldekideek osotu dabe. Tematikeari jagokonez, taldeak bere esentzia galdu barik, gaur egun jendartean dagozan gaiak jorratzen ditu, errima gogor eta gordinak erabiliz taldeak jentearen artean dagoan lehia plazaratzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!