Elvira Lindo idazleak jasoko dau BBK Ja! Bilbao Saria
2019-09-18 08:09 KultureaIrailaren 26tik urriaren 6ra egingo da BBK Ja! Bilbao.
Irailaren 26tik urriaren 6ra egingo den Ja! Bilbaoren hamargarren edizioak hogeita hamar gonbidatu baino gehiago batuko ditu ondoko helburuak bultzatuta: umorea adimenaren, zibilizazinoaren, kulturaren, askatasunaren eta bizipozaren adierazpen gisa aldarrikatzea. Bederatzi egunetan zehar, idazle, kazetari, aktore, ekonomialari, komiko eta zinemagileak eszenatokira igoko dira, mikrofonoa eskuan, euren elokuentzia, erudizinoa eta umore-sena, 2010eko irailean estreinau zanetik ekitaldiaren bereizgarria dana, erakusteko. Programazinoa dobakoa da.
Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiak, genero horretan Europako bakarrak, lehen hamar urte honeek ospatzeko atzera begirako erakusketa bat antolatu dau (Ja! Bilbao. 10 urte). Erakusketeak irudietan laburbatzen ditu berbeari eskainitako jardunaldi honetan jazotako hainbat pasarte. David Herranz eta Dani de Pablos dira Zabalgunea Eraikinean erakusgai jarriko diran berrehun bat argazkiren egileak; horreetan, Ja! Bilbaoren giroa, bertatik igarotako gonbidatu ospetsuak eta makina bat momentu gogoangarri eta pasadizo ikusi ahal izango ditugu: Euskaldunan piztutako zigarroagaz Michel Houellebecq suteen detektagailua aktibetako puntuan egon zenekoa; Bernardo Atxagak eta Jon Juaristik hogeita hamar urteren ostean barriro alkar ikusi ebenekoa; Ernesto Sevilla eta Joaquín Reyes euren idoloaren John Cleese-n aurrean belaunikatu ziranekoa...
Era berean, BBK Aretoaren atarian Ja! Bilbao Jaialdirako kartel eta ilustrazino hautatuakaz erakusketea egingo da eta Bilboko Metroaren hiru geltokitan neurri handiko hamar argazki jarriko dira ikusgai.
Lehenengo astea
Inaugurazino-ekitaldia irailaren 24an egingo da, BBK Aretoan, eta Fernando Maríasek bakarrizketa bat egingo dau. Jaialdia egun bi geroago hasiko da, toki berean. Tatiana Tibuleac idazle moldaviarrak barriketaldia eskainiko dau eta haren bizitzea eta obrak hobeto ezagutzeko aukerea izango da. El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes obrearen egilea da, nobela krudela, gogorra eta poetikoa, baina umore-ukutuak be badituana.
Barikuan, Juan Bas eta Carolina Ontivero, zuzendari eta zuzendari laguntzailea, hurranez hurran, igoko dira eszenatokira. Carolina Elisa Victoria eta Sabina Urracagaz ibiliko da barriketan. Egile biek autofikzinoa erabiliz eta ikuspegi tragikomikoa ardatz hartuta, umezaroaren eta nerabezaroaren arteko trokea esploretan dabe. Eta, Juanek, barriz, Iñigo Domínguez izango dau barriketakide. Egile honek urteak daroaz mafiosoei mozorroa kendu eta ‘basapizti ezjakin’ batzuk besterik ez dirala erakusten.
Bigarren urtez jarraian, Bilbotik emongo da zuzenean Javier del Pinok Cadena Ser-en zuzentzen dauen A vivir programea, lujozko kolaboratzaile bigaz: Julio Rey eta Juan José Millás. Zapatu goizean asko esnatuko dira hareek entzunez gaurkotasunezko gaiei buruz berbetan. Arratsaldean, barriz, programa bikotxa izango da: Marta Flichek eta Fernando Trías de Besek gogoratuko deuskue zenbaitetan umorera joten dala gai ekonomiko astunak jorratzeko, umorea eta ironia ez diralako zorroztasunagaz bateraezinak. Bitartean, Edu Galánek Maruja Torres alkarrizketatuko dau; haren lanbide-ibilbidean agudezia, parodia eta umore garratza nagusitzen dira.
Domekan, IV. Umore Grafikoko Eskola Lehiaketearen sariak emon eta ordu batzuk aurrerago, El hormiguero eta El Club de la Comedía telebista-programetan sarri ikusten dogun Ana Morgade mediatikoak bere berba jario eta guzurrezko betaurrekoakaz, lehen aste honi amaierea emongo deutso.
Bigarren astea
De Chernóbil al ocaso soviético liburuak Andrei Kurkov errusiar idazlearen alkarrizketea laburbatzen dau. Egun biko deskantsuaren ostean, urriaren 2an, KGBren japoniar itzultzailea eta Odesako presondegian zaintzailea izan zan Sobietar Batasunaren eta horren osteko garaien adituak programazinoagaz jarraituko dau, Bidebarrietako Liburutegian. Bereizgarri dauen umore baltza erabiliko dau, Txernobyleko tragedia lako gai korapilatsuak jorratzeko.
BBK Aretora bueltan, urriaren 3an, Iñigo Astizek Iban Zaldua alkarrizketatuko dau. Haren obran nagusi dira joko literarioakazko zaletasuna, fantasiaren eta egunerokotasunaren nahasketa eta ironiaren erabilerea, inguratzen gaituan errealidadea islatzen dauen ispilua bailitzan.
Egun berean, Fernando Maríasek Manuel Vilas alkarrizketatuko dau; azkeneko nobelan, Ordesa-n, gurasoen heriotzea, haren banantze-prozesua eta alkohol eta barbiturikoakaz dauen menpekotasuna jorratzen ditu. Umoreak mina transmitiduteko be balio leikela erakusten deusku.
Barikuan, Alicia San Juanek Cristina Moralesen eta Iván Repilaren arteko alkarrizketea gidatuko dau. Autore biek feminismoa eta bardintasuna ikuspegi barritzaile eta deserosoa tarteko dirala jorratzen ditue, barrea eta hausnarketea eraginez. Eta César Cocak galderak egingo deutsoz haren azken obrea, Tus pasos en la escalera, egonezina eragiten dauen nobelea, idatzi dauen Antonio Muñoz Molinari. Aurreko izenburuetan (Los misterios de Madrid), Carlota Fainberg eta Nada del otro mundo, erreparo barik sartzen da umorezko literaturan.
Aurtengo kartelak jaialdiaren 10. edizinoa dala erakusten deusku baina 0 zenbakia mailukadaka txikituta agertzen da. Manolito Gafotasek egindako bihurrikeria bat da. Agirikoa da haren sortzaileari, Elvira Lindo idazleari, egindako omenaldia dala, bera izango baita, ekitaldiaren azken txanpan, aurtengo BBK Ja!Bilbaoren saritua. 20.000 euroko BBK Ja! Bilbao sariak bere obran umorea elementu nagusitzat hartzen dauen nazinoarteko persona ospetsu bat omentzen dau urtero. Ondokoak izan dira aurreko edizinoetako sarituak: Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Ísmail Kadaré, Robert Crumb, Julian Barnes, Fernando Trueba, John Cleese, Joyce Carol Oates eta Álex de la Iglesia. Sari-banaketaren ostean, Txani Rodrígezek alkarrizketea egingo deutso protagonisteari.
David Truebaren erreferentzia zinematografikoek emongo deutse amaieera Ja! Bilbaoren hamargarren edizinoari. Juan Basegaz haren umorezko hamar sekuentziarik gustukoenei buruz egingo dabe berba, aurreko sei edizinoetan, Fernando Trueba, Isabel Coixet, Pedro Olea, Imanol Uribe, Borja Cobeaga eta Pablo Berger zuzendariek eurenak erakutsi euskuezan eran.
2010an estreinau eben Ja! Bilbao, eta ordutik urtero ospatzen da, udagoienaren hasieran. Jaialdiaren aurreko bederatzi edizinoetan, gure artean izan ditugu, besteak beste, Jeanette Winterson, Elvira Lindo, Mircea Cartarescu, Tricicle, David Foenkinos, Joaquín Reyes, Javier Cansado, Miguel Zugaza, Ernesto Sevilla, Ignatius Farray, Max, Javier Cercas, James Rhodes, Mercedes Cebrián, Marta Sanz, Kepa Junkera, Imanol Uribe, Rosa María Calaf, David Trueba, Eduardo Mendicutti, El Gran Wyoming, Jon Sistiaga, Pilar Adón, Pedro Olea, Olmo, Forges, Gallego y Rey, Isabel Coixet, Joan Manuel Serrat, Lionel Shriver, Luis Goytisolo, Martin Caparrós, Paco Roca, Diego Manrique, Javier Mariscal, José Luis Cuerda, Nick Hornby, Ouka Lele, Santiago Segura, Bernardo Atxaga, Fernando Savater, Pepe Viyuela, Albert Boadella, David de Jorge, David Lodge, Frédéric Beigbeder, Pedro Reyes, Ramiro Pinilla, Kirmen Uribe, Martin Amis eta Michel Houellebecq.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!