Botaba, sarea euskal esamoldez beteteko erronkea
2019-09-17 09:24 Euskerea berbagaiGazteentzako lehiaketa honen hirugarren edizinoa indarbarrituta dator.
Gazteen artean euskerazko esamoldeen erabilerea sustatzeko sortu eban Labayru Fundazinoak Botaba Erronkea, sare sozialen bidezko lehiaketea. Era horretara, gazteak euskera kolokiala, euren arteko hartu-emon informaletarako egokia, ezagutu eta erabiltera animau nahi ditue. Udagoienean, hirugarren edizinoa dator, indarbarritua, sari zein kolaboratzaile erakargarrien bultzadaz.
Funtzionamendua erraza da: 16 urtetik gorako gazteek bideoak igon beharko ditue Instagram sare sozialera, eguneroko egoera bat labur-labur azalduaz. Kontetan danagaz bat datorren esaeraren bat sartu beharko dabe, tradizinozkoa, gazteek erabilten dabenetakoa edo eurek asmatua. Nahi beste bideo igon leikez parte-hartzaile bakotxak.
Aurten, nobedade lez, zati bitan banatuko dabe erronkea. Lehenengo, beroketa-fasea egingo dabe, urrian, interesa daukienek zelan parte hartu eta zelako bideoak egin ikusi deien. Jokoak, asmakizunak eta abar zabalduko ditue antolatzaileek. Ganera, aurtengo edizinoko hiru enbajadoreek zuzeneko bideoak konpartiduko ditue.
Gazteen artean ezagunak diran hiru lagun izango dira enbajadoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak eta Iban Garcia youtuberra. Gazteen artean esamoldeen erronkea Instagramen zabaltzeko ardurea izango dabe.
Bigarren fasea lehiaketea bera izango da, zemendiaren 4tik 25era. Epe horretan igon beharko ditue parte-hartzaileek euren bideoak. Sari nagusia irabazten dauenari, Interraileko lau txartel emongo deutsiez, Europa ezagutzeko hilabeteko bidaiea egin deian lagunakaz. Esamolderik originalenaren saridunari, ostera, abentura-esperientzia bat emongo deutsie, Leaktibairen eskutik. Zozketak be egongo dira parte-hartzaileen artean: Bilbao BBK Live eta Donostia Festibalerako sarrerak, Mr Euskaldunen produktuak...
Aurreko edizinoan, 130 parte-hartzailek 75 bideo bialdu zituen. Instagramen, astero 2.000 bat bisita izan zituan Botabak, eta, danetara, 70.000 interakzino inguru eragin zituan. Ganera, Labayruren Hiztegi Fraseologikoan ekarpen barriak sartu ahal izan ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!