Euskal PMP, publizidade programatikoaren arloan, euskerea ganerako hizkuntzen mailan jarteko
2019-09-19 08:05 Euskerea berbagaiPrivate Market Place hori euskerazko edukiak lantzen dituen hedabide eta atarien alkargune bihurtuko da.
Private Market Place, euskeraz publizidadea eskaintzeko tresnak emongo ditu, eta aldi berean, esparru digitalean euskerearen erabilerea sustatu eta indartuko dau. Cookie bidez, iragarleei euskerazko edukietan nabegetan daben erabiltzaileakana heltzeko aukerea emongo deutse.
Ekimenak joan dan urtean Tokikomeko eta EiTBko lantaldeek izandako bileran dau jatorria. Euskerazko publizidadea eskaintzeko zailtasunak jorratu zituen, batez be, programatika edo modu automatizatu bidez. Smart AdServer adserving plataformako arduradunakaz batu ondoren, Euskal PMP abiarazotea erabaki genduan. Ezin dogu ahaztu Euskal Irrati Telebistaren ardatz nagusietako bat euskal kulturea eta euskerearen sustapena dala, eta zeregin horretan laguntzeko, ezinbestekoa da alor digitalean eta publizidadean be ekintza bereziak martxan jartea.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailari Euskal PMParen nondik norakoak azaldu ondoren, proiektua bultzatzea eta horren aldeko apustu garbia egitea erabagi eban.
Ekimenari ahalik eta oihartzun handiena emoteko helburuagaz, hurrengo pausua ezagutarazotea izan da. Hasteko, euskerazko edukia (osotasunean nahiz neurri batean) lantzen daben atariei aurkeztu geuntsen; ondoren, Euskadiko publizidade agentzia garrantzitsuenei, eta amaitzeko, iragarleei, hilaren 18an EiTBren Bilboko egoitzan egindako ekitaldi berezian.
Jardunaldia Euskal PMP ekimena azaldu eta testuinguru egokian kokatzeko erabili da. Alex Rayon Deustuko Unibersidadeko Nazinoarteko Harremanetarako errektoreordeak publizidade programatikoa zer dan azaldu dau. Iraitz Elgezabalek, TOKIKOM-eko zuzendari komertzialak euskerazko hedabide digitalen egungo egoere jorratu dau eta Juan Manuel Alvarezek Smart AdServerreko Country Managerrak PMPk zelan funtzionetan dauen eta dituen abantaila eta ezaugarriei buruz berba egin dau.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskal PMP proiektuaren helburuak azaldu ditu eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia proiektuaren jatorria eta garrantzia aztertu ditu.
Publizidade programatikoa
Internetek iraultza handia ekarri dau kazetaritzeagaz lotutako alderdi guztietara, eta publizidadea ez da aldaketa horretatik librau. Publizidade klasikoan, iragarleek hedabidearen arabera erosten zituen iragarkiak jarteko espazioak: orri oso bat halako aldizkarian, 20 segundo halako irratian, 20 segundo halako telebistan... Medio digitalakaz, barriz, logika hori erabat aldatu da. Internetek ahalbidetzen dauen erabiltzaileen jarraipenari esker, iragarleek erabiltzaile tipologiaren arabera erosten ditue espazioak, eta ez hedabidearen arabera.
Erabiltzailearen araberako espazio salmenta horreek publizidade programatikoaren bidez egiten da, eta webguneen argitaratzaileek azoka birtual moduko batzuetan jarten ditue euren publizidade espazioak.
Hizkuntza txikientzat, trabea
Interneteko iragarki edo banner bakotxaren prezioa oso txikia izaten danez, azoka birtual horreek oso bolumen handietan dabiz, miloeka ikustaldi eta klik dituen webguneakaz eta, testuinguru horretan, alde batetik, euskerazko medioak -banaka hartuta- txikiegiak dira errentagarriak izateko; bestetik, ez dago modurik iragarkien euren hizkuntzea bereizteko. Biak ala biak eragozpen handiak dira euskera hutsez funtzionau nahi daben komunikabideentzat.
Aldi berean, publizidade agentzientzat programatikoa oso funtzionamendu erosoa danez, gero eta publizidade gitxiago kontratetan dabe zuzenean komunikabide digitalakaz, eta negozio osoa programatikako ‘azoka’ automatiko horreetara bideratzen dabiz. Eta euskerazko medioek orain arte ez dabenez izan azoka horreetan parte hartzerik, bape publizidaderik barik geratzen egozan.
Danentzako soluzinoen bila
TOKIKOM, euskerazko toki komunikabideak batzen dituan taldea, EiTBren sail komertzialagaz batu zan orain urtebete. EiTBk be arazoa eban euskerazko publizidadea kanal programatikoen bidez jasoteko, eta konponbide bat bilatzeko erronkea bere egin eban. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari Euskal PMParen nondik norakoak azaldu ondoren, proiektua bultzatzea eta horren alde egitea erabagi eben, Jaurlaritzeak azken hileotan euskerazko komunikabideakaz darabilen alkarlan politikearen barruan, eta uda aurretik adostutako finantzazino eredu barriaren osogarri.
Azoka espezializatu bat euskerazko publizidade digitalerako
Eusko Jaurlaritzearen laguntza ekonomikoari esker, publizidadea saltzeko azoka espezializatu bat sortu da: Euskal Private Market Place, euskerazko medio digitalen publizidade espazioa haren bidez eskaintzeko iragarleei.
Marketplace edo azoka horren garapen teknikoa EiTBk berak, FORTAko hainbat komunikabidek eta euskerazko hainbat komunikabidek erabilten daben Smart enpreseak egin dau, Jaurlaritzearen finantziazinoari esker. Smart eragile ezagun eta garrantzitsua da publizidade programatikoaren munduan, eta horrek berme gehigarria dakartso proiektuari.
Aukera osogarria euskerazko komunikabideentzat
Euskal PMP sortu barria teknikoki bateragarria da, alde batetik, komunikabideek publizidadea argitaratu eta kudeatzeko erabilten daben sistema ezbardinakaz, eta bestetik, iragarleek eta publizidade agentziek erabilten dituenakaz. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskerea ingurune digitalean be estandarizetako aurrerapausu garrantzitsutzat jo dabe proiektua, eta horregaitik konpromisoa hartu dabe egitasmoaren kostuak urtebetez finantzietako, sistemea sendotu arte.
Kontuak kontu, euskerazko komunikabideek programatikako azokatan parte hartu ahalko dabe, erderazko publizidadea onartu beharrik barik. Eta iragarleek, barriz, askoz errazago izango dabe euskerazko publizidadea egitea, beste hizkuntza batzuetan erabilitako tresna estandarrak erabiliz.
Tresna berria erabilteko deialdia
Tresnearen alderdi teknikoa prest dagoala, ha erabili eta ondo aprobetxetako deia egin deutse, EiTB, Eusko Jaurlaritza eta TOKIKOMeko arduradunek, alde batetik iragarle eta agentziei, euskarazko publizidade gehiago egin eta Euskal PMP barri hau erabilten hasteko; eta bestetik euskerazko komunikabideei, euren publizidade espazioak be azoka barrian eskaintzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!