Ikasleentzako 8 tailer izango dira Durangon, Ikasle Goizean
2019-09-16 07:50 KultureaTailerretan izena emoteko epea irailaren 16etik urriaren 14era egongo da zabalik.
Euskal Herriko ikastetxe eta hezkuntza-zentroetako ikasleek diziplina anitzetako hainbat tailer izango ditue Durangoko Azokan, Ikasle Goizaren barruan. Modu honetan, ume eta gaztetxuek literaturea, musikea, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta, oro har, sorkuntzearen mundura hurreratuko dira. Danetara, 8 tailer izango dira abenduaren 5ean egingo dan Ikasle Goizean, eta Azokako zortzi guneez gan, Durangoko liburutegian, eta Arte eta Historia Museoan izango dira jarduerak.
Tailerretan izena emoteko epea gaur zabaldu da eta urriaren 14era bitartean emon ahal izango dabe izena ikastetxe eta hezkuntza-zentroek. Izena emoteko webgunean erregistrau beharko da (aurreko urteetan izena emon ez bada) eta, ondoren, tailerra aukeratu. Lekuen esleipena zozketa bidez egingo da eta e-postaz jakinarazoko jake izena emon daben guztiei.
Honakoak izango dira Ikasle Egunerako antolatutako tailerrak:
- Liburu bat egingo dot: Lekua: Areto Nagusia Solasaldiak. Ordua: saio bi, 10:30 eta 12:00etan. Edade tartea: DBH 1-2. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 25. Carmen Elviraren eskutik liburu bat zelan egiten dan eta editorearen lanbidea ezagutuko dogu.
- Enkarguz: Lekua: Ahotsenea Solasaldiak. Ordua: 11:00etan. Edade tartea: DBH 3-4, batxillergoa eta Erdi mailako zikloak. Iraupena: ordu bi. Partaide kopurua: 30. Helburua, kolorea, tonua... lore hostoak bailiran, publikoaren parte hartze ezinbestekoagaz orrialdera eroango ditugu, unean uneko gaiari helduz, ezkutaturik bizi dan abestia azaleratzeko. Enkargu guztiek, baina, badabe erantzukizuna... Eta arriskua Be bai! Sormen prozesu batean une emonkorrak eta idorrak izan diralako, ibaiaren ubidean legez, itsasoratu arte. Erronkeari heltzeko kapaz izango gara?
- Kaligrafia tailerra: Lekua: Durangoko Museoa. Ordua: hiru saio, 10:00, 11:00 eta 12:00etan. Edade tartea: DBH 1-2-3-4. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 20. Juan Itziarkoa eta Albert Dürer-en kaligrafiak oinarritzat hartuta, kaligrafia tailerra egingo dogu ikasleakaz. Kaligrafiak lotura oso estua dau liburuakaz eta artista bi horreek egindako ekarpenak aztertuko ditugu eta ikasleek be euren kaligrafia propioa landuko dabe. Nerea Lekuonak eskainiko dau.
- Soinu efektuak zinemagintzan: Lekua: Irudienea. Ordua: saio bi, bata 10:00etan eta bestea 12:30ean. Edade tartea: DBH 1, 2, 3 eta 4. Iraupena: 120 minutu. Partaide kopurua: 15. Soinu efektuak zelan egiten diran ikasiko dabe, zuzenean grabau eta irudien gainean zelan montetan diran. Film baten eszenaren soinu efektuak eurek sortu eta montauta ikusteko aukerea izango dabe.
- Moon: konputagailu baten funtzionamendua: Lekua: Kabi@. Ordua: saio bi, bata 11:00ean eta bestea 12:30ean. Edade tartea: DBH 3 eta 4. Iraupena: 90 minutu. Partaide kopurua: 30. MOON jolas hezitzailea da. Jokalariek konputagailu xume baten barruko funtzionamendua simulauko dabe. Lagundu Eagleko astronautei misinoare gorabeherak ikasten dituen bitartean, ariketa logikoak egin eta konputagailu bat barrutik zelan dabilen deskubriduta.
- Berba barik gelditu ziran ipuinak: Lekua: Saguganbara. Ordua: saio bi 10:00etan, eta 12:30ean. Edade tartea: LH 3 eta 4. Iraupena: 120 minutu. Partaide kopurua: 25. Tailerraren helburua, umeen imajinazinoa eta gaitasun narratiboak lantzea izango da. Horretarako, hainbat ilustrazino dituen txartelak erabiliko ditugu, eta material hori erabilita ipuin bat sortu beharko dabe. Behin ipuina landuta, ipuinei musikea jarten lagunduko deutsegu, horretarako ipuinen zati bakotxak transmitiduten deutsena zehaztu eta horren arabera ipuinaren soinu-bandea sortuko dabe.
- Oraindik izenik barik: Lekua: Szenatoki. Ordua: hiru saio 10:00etan, 11:15 eta 12:30etan. Edade tartea: DBH 1,2,3 eta 4. Iraupena: 75 minutu. Partaide kopurua: 30. Antzerki obra baten sorkuntza prozesuari buruz sakontzeko aukerea izango dabe. oraindino izenbururik ez dauen eta sortzen dabizen ikuskizunaren zatitxu bat eskainiko jake parte-hartzaileei. Prozesu honetan taldekideek bizitako egoeretatik eta inprobisazinoen bitartez, gizartean emoten diran estereotipo eta etiketen inguruan berba egingo jake. Inprobisazietatik sortutako egoeretan jasotako testuak txertatuz joango dira gidoia osotzen. Emonaldian, lagin hau ikusteaz gan, aktoreakaz barriketaldi bat izateko aukerea izango dabe.
- Euskal musika transmisio tailerra: Lekua: Plateruena. Ordua: saio bi, 11:00etan eta 12:00 etan. Edade tartea: DBH 3 eta 4, Batxillergoa eta Erdi mailako zikloak. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 30. Betiko euskal kantu eta garaikideen transmisinoa helburu dauen kontzertua.
Informazino gehiago nahi izan ezkero edo dudaren bat argitzeko, ikasleak@durangokoazoka.eus helbidera idatzi edo 673 005 981 zenbakira deitu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!