Urte amaierara arte luzatu dabe Goyaren erretratuen erakusketea

Bizkaie! 2019-09-16 10:19   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoak azaldu dauenez, 100.000 bisitari inguru izan ditu orain arte.

Erakusketako erretratuetako bat: Francisco de Goya, 'Bernarda Tavira' (1787-88) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ispasterko Zubieta jauregiagaz eta Adan de Yarza familiagaz lotutako Goyaren koadroek ikusmin handia eragin dabe publikoaren eta adituen artean, Bilboko Arte Eder Museoaren arabera. Hiru erretratuok jenteari erakutsi deutsiez lehenengo aldiz, artelanen ibilbide gorabeheratsuaren barri emoten daben datu eta objektu eta guzti aurkeztuak. Hori dala eta, erakusketea ikusteko epea luzatu dabe, urte amaierara arte.

Museoaren Alfabetoa proiektuaren barruan, apirilaren 26an zabaldu eben Zubietako Goyak. Adan de Yarza familiaren erretratuak erakusketea. Harrezkero, 100.000 bisitari baino gehiagok ikusi ditue hiru koadroak, eta gehiago izango dira, urte amaierara arteko luzapenari esker. Museoaren Alfabetoa egitasmo osoak 223.000 bisitari izan ditu orain arte.

Eskaintzearen aldetik, uda oparoa izan dau Bilboko Arte Eder Museoak: Goyaren erretratuei eta Museoaren Alfabetoko ganerako aretoei gehitu behar jake Zuloagaren obrearen berrikuspen zabala, Zubiaurretarren memoria grafikoari eskainitako tartea eta museoa bera handitzeko proiektu finalisten erakusketea.

Horri esker, bagiletik irail hasierara arte, 74.676 bisitari egon dira museoan, igazko epe berean baino nabarmen gehiago (51.000 pasautxu izan ziran). Jatorriari jagokonez, bisitarien ia erdiak Araba, Bizkaia edo Gipuzkoakoak dira, eta frantsesen kopurua be aitatzekoa da (% 25). Espainiakoak (EAE kenduta) % 22 dira, gehienbat Madril, Andaluzia eta Kataluniakoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu