Goyaren hiru erretratu erbestetik Bizkaira bueltan
2019-04-26 13:27 KultureaAdan de Yarza familiaren koadroak lehenengo aldiz erakutsiko deutsiez publiko guztiari.
1780ko hamarkadan Francisco de Goya pintore ezagunak marraztu zituanetik, ibilera gorabeheratsua izan dabe Bilboko Arte Eder Museoak ikusgai ipinitako hiru koadroek. Berez, Adan de Yarza Bizkaiko handiki familiako hiru kideri egindako erretratuak dira, XVIII. mendeko Madrilgo Korteko beste kide askori egindakoen modukoak. Baina azken ehun urteotan koadroak hara eta hona ibili dira, gerrak, erbestea eta abar tarteko.
Zaharbarritze sakon baten ostean, Bilboko Museoko W aretoan esegi ditue hiru obrak. Erakusketearen aurkezpenean, Bibiñe Belaustegigoitia Sokorriko markesaren alargun eta koadroen jaubea egon da, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiagaz eta Miguel Zugaza Arte Eder Museoko zuzendariagaz batera. Artelanak barritzen eta aztertzen ibili diran adituak be han egon dira. Ekitaldian azpimarratu dabenez, balio handiko ondasun honeek berreskuratu eta jentaurrean ipini izana lorpen bikaina da.
Adan de Yarza familiaren jaubetza pribaduko hiru koadroon lehenengo aitamen ezagunak 1916 eta 1917koak dira, Aureliano Beruete Moret adituaren liburuetako baten agertu ziran. Baina 1936an, Gerra Zibilaren frontea Lekeitio aldera heldu zanean, Adan de Yarzatarrek Zubietako jauregitik Bilbora iges egin eben. Lekeitioko kanpoaldean, Ispasterko lurretan, dagoan jauregi hori biltegi militar izateko errekisau eben.
Behin Bilbon, Eusko Jaurlaritzeak beste ondasun askogaz batera itsasoz Arroxelara eroateko gorde zituan hiru koadroak, egurrezko kutxa baten. Holan, erbesteko bide luzea hasi eben artelanek, lehenengo Jaurlaritzearen Parisko egoitzan eta, ondoren, Adan de Yarzatarren erbesteko etxean. Oraintsu agertu dira koadroak, Jaurlaritzeak 1937an egindako egurrezko kutxa haretan, eta Adan de Yarzatarren oinordekoek Bilboko Arte Eder Museoari laga deutsez.
Koadroen ibilbidea interesgarria da, baina ikaragarria be bai, gerrako gorabeherei lotuta, azaldu dau Javier Muñoz EHUko Artearen Historiako irakasleak. Gerran eta erbestean artelanek izan eben ibilbidearen inguruko azterlana egin dau Muñozek, Arte Eder Museoak eskatuta. Gogoratu dauenez, gerreak aurrera egin ahala, Jaurlaritzeak artelan ugari eroan zituan Bilbora Eibartik, Elgetatik, Markinatik... baina gerrea Bilbora be heldu zan eta horrek behartu eban erbesteratzea.
Muñozen arabera, 1937ko Parisko Nazinoarteko Erakusketan Espainiako Errepublikearen pabilioian koadroak erakustea zan asmoa, baina azkenean ez eben holakorik egin. 1938ko urtarrilean bueltau ziran Adan de Yarzatarren eskuetara, honeek erbestean finkatu ziranean. Familiak luzaroan gorde ditu ohe azpian, senideren batek sarritan egin dau lo Goyaren hiru koadro honeen ganean, zehaztu dau Muñozek.
Bizkaira bueltan, Bilboko Arte Eder Museoa izango da hiru koadroen etxe barria. Antonio Adan de Yarza, María Ramona de Barbachano eta Bernarda Taviraren erretratu bana dira, 1787-88 inguruan eginak, olioa mihise ganean. 1937tik gaur egunera arte koadroak babestu dituan egurrezko kutxea be ipini dabe erakusketan, gerra sasoiko hainbat agiri eta prentsa-errekortegaz batera.
Familiaren eskuzabaltasunari esker, danok dogu koadro honeek ikusi eta euren historia ezagutzeko aukerea, nabarmendu dau Javier Muñozek. Obrei jazotakoak laburbatzen dau, azken baten, herritarrek gerran sufridutakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!