Haritz Mujika eta Beñat Iguaran, lehen asteburuko irabazleak

Bizkaie! 2019-09-16 08:44   Bertsolaritzea

Sarrerak agortu dira Gipuzkoako Txapelketako saio bietan.

Oñatiko saioa (argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martxan da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea, zapatuan eta domekan jokatutako final-zortzirenetako saio biakaz. Oñatiko Santa Ana Antzokian izan zan estreinakoa, aretoa bete-beteta egoala, sarrera guztiak saldu egin ziran eta. Domekan be, Amasa-Villabonan, agortu egin ziran sarrerak.

Lehenengo final-zortzirenean, Haritz Mujika asteasuarrak irabazi eban. Epaileek 447 puntu emon eutsiezen, eta hori nahikoa izan zan beste bost kantulagunak atzean ixteko. Final-laurenetan egoteko txartela eskuratu dau, beraz. Bigarren Maider Arregi izan zan Oñatin, 436 puntugaz.

Zapatuko beste bertsolariak honeek izan ziran: Felix Zubia (428,5), Amaia Iturriotz (416,5), Aratz Igartzabal (403) eta Andoni Mujika (380,5). Gai-jartzailea Iban Narbaiza izan zan.

Amasa-Villabonan, ostera, Beñat Iguaran izan zan irabazlea, 440,5 puntugaz, eta final-laurenetako txartela lortu eban. Iñigo Mantzizidor, Mantxi, geratu zan bigarren (433,5), eta Maialen Akizu hirugarrena be ez zan urrun ibili (432,5). Beste hiru bertsolariak honeek izan ziran: Iban Urdangarin (420,5), Oier Etxeberria (408,5) eta Odei Lopez (392,5).

Hurrengo final-zortzirenetako saioa Ordizian jokatuko da, irailaren 21ean. Oholtzan egongo dira Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Asier Azpiroz, Beñat Lizaso eta Manex Mujika. Hilaren 22an, ostera, Zumaian izango da hitzordua, honako bertsolariak lehian dirala: Ander Lizarralde, Beñat Jauregi, Gorka Maiz, Iñigo Gorostarzu, Jokin Bergara eta Unai Muñoa.

Bertsolariak, Villabonako saioan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu