Iñaki Irasizabal: 'Ez dabe alkar ulertzen, familia bat dira'

Bizkaie! 2019-09-16 07:55   Barriketan

Idazle durangarra.

Durangon jaio eta Zornotzan bizi dan idazleak urteak emon ditu nobela baltzak idazten eta orain ipuin-bilduma sendo eta mamitsua dakar, Zorioneko familia. Teknikan eta gaietan barritasun nabarmenak egon arren, ahalik eta istoriorik onena, ahalik eta ondoen kontetea ei dau betiko helburua, gatazkaren bat bihurtuz beti istorioaren ardatza.

Idazle bizkaitarraren bigarren ipuin liburua da, lenengoa, oin hamabost/hamasei urtekoa Ezin joan izan za. Orain familia aztergai hartuta dator durangarra. Danetara, hamar ipuin dira, solte edo libre idatzitakoak baina badago ipuinetako personaien arteko hartu-emon sare bat.

Idazleak familiaren rol tradizionalaren aurrean, ibilbide gorabeheratsua dakar: gozotik gitxi eta gazitik ugari. Baina familia inspirazino iturri agortezina dala jakinik.

Ondoko nobelak idatzi ditu Irasizabalek: Borrokaren baitan 2002, Hiria; Berebereen alfonbra 2003, Hiria; Burua txoriz beterik 2004, Elkar; Mendaroko txokolatea 2005, Elkar; Gu bezalako heroiak 2009, Elkar; Igelak benetan hiltzen dira 2011, Elkar; Orbe auziaren ingurukoak 2012, Elkar; Bizkartzainaren lehentasunak 2013, Elkar; Odolaren deia 2014, Elkar; eta Aita gurea 2015, Elkar. Azkenak, barriz, Aramotz Politika zikina eta Gauzak ez ziren sekula berdinak izango izenburukoak dira.

Irakurle amorratua da Iñaki eta Azkoiti, Ondarru eta Donostiako lehiaketetan sariak irabazi ondoren, nobelak idazten hasi zan. Aurrerago Augustin Zubikarai nobela-saria irabazi eban 2003. urtean eta ordutik Elkar argitaletxean argitaratu ditu 10 nobela eta ipuin bilduma bat. Baina idazlearen eretxiz, ez dau emoten biziteko.


1.- Izan dozu erreferentziazko autorerik literaturan edo zineman?

Liburu eta pantailetan istorioak ikusten doguz ugari. Hunkitu gaituen kontuek eragina izaten dabe gugan, baina ezingo neuke esan zein neurritan bakotxak. Nire ipuinen antzeko giroak dituan istoriotako bat aitatzekotan telesail labur bat nabarmenduko neuke: Mar Coll-en Matar al padre. Oso ona.


2.- Bilduma legez pentsautako ipuinak dira?

Ez. Istorioak banaka, solte idatzitakoak, independenteak dira. Gero, antzekotasunak zituela jaubetukeran, batu eta liburua osotu dogu.


3.- Sarri agertzen dira aita zorrotzak edo autoritarioak eta euren heriotzea...

Niri aita zorrotza tradizionala baino interesgarriagoa egiten jat akats nabarmenen bat daukanaren irudia. Literarioagoa da. Euren heriotzeak aldaketa nabarmena dakar eta hori beharrezko elementua da narrazino batean. Aldaketearena.

Interesetan jatazanak dira ingurura, gizartera, arau sozialetara egokitzen ez diran personaiak, gazteak batez be...


4.- Gizartean eroso dagozanakaz ez dago kontetako ezer. Gazteek galtzeko gitxiago dabe eta arrisku handiagoak hartzen ditue...

Alkohola, drogak, amorru-atakeak dituen personaiak... Interesgarriagoak egiten jataz. Beste personaiak mobiduarazoten ditue.

Anai-arreben arteko hartu-emonak gazi-gozoak izaten dira. Aldi berean hur eta urrun.

Holaxe imajinetan ditut gehienetan. Zeozer dabe alkarregaz eta zeozer bata bestea barik.


5.- Krisi ekonomikoaren arazoak be sartu dozuz. Zergaitik?

Edozein krisi oso literarioa izan daiteke, azken finean gatazkak baitira narrazino baten muina. Ekonomikoa luzea izan zan eta nireak lako personaiek gogor sufridu eben. Zelan ez azaldu!

 
6.- 70eko hamarkadan kokatutako ipuin batzuk agiri dira. Sasoi hori inspiratzailea da zuretzako?

Hamarkada horretako bigarren erdikoa da gogoratzen dodan lehen mundua. Garai haretako hainbat irudi modu indartsuan dagoz errotuta nire barruan. Noizean behin paseoan ateratzen dira.


7.- Zure istorioak eta personaiak beti dira oso hemengoak izakeran, keinuetan, arazoetan. Nahita al da hori?

Ez. Narratibeak irudi zehatzak emon behar ditu, sinisgarria eta bizia izateko. Hauxe da zehatzen ezagutzen dodan mundu zatia.

Teknika errealistea da nagusi, baina batzuetan kutsu surrealistea hartzen deutsat. Azken ipuinean, ahuntzaren opariagaz adibidez.

Kontua da ze errealismoa eremu zabala dala. Errealista izaten ahalegintzen naz, baina ez derrigor aukera nabarmenena hartuz. Ahuntzaren jokaera edo portaera erabat errealistea begitantzen jat.


8.- Azken urteetan nobela baltzak idatzi dozuz eta ipuinak orain. Zein da arrazoia?


Idaztea, berba egitea bezela, zeozer komuniketea da. Nire helburua beti da ahalik eta istoriorik onena ahalik eta ondoen kontetea. Gero, gerokoak.


9.- Pirritx eta Porrotx pailazoek esana da: alkar maite dabe, familia bat dira...

Nik beste esaldi bat daukat: ez dabe alkar ulertzen, familia bat dira...


10.- Lev Tolstoik esaldi ospetsu bategaz hasi eban Anna Karenina: Munduko familia zoriontsu guztiak dira alkarren antzekoak. Zure liburuaren atarian jarteko moduko esaldia, ezta?

Tolstoi bera eta esaldi hori batez be ederregiak iruditzen jataz nire ipuinakaz lotzeko. Izen handiak aitatzen hasita, Van Gogh ekarriko neuke. Helburu bakarra ei eban: konturatu eitezala bere teknika zakarraren azpian samurtasuna egoala. Uste dot ipuin honeek gehiago dabela samurretik transzendentetik baino.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu