'Oinez nahiz bizikletaz, beti seguru'

Bizkaie! 2019-09-13 13:04   Kulturea

2019ko Mobikortasunaren Aste Europarra datorren astelehenean, irailaren 16an, hasiko da Bilbon.

Bilbok hogeigarren urtez jarraian ospatuko dau Mobikortasunaren Aste Europarra, Europar Batasunak eta Bilboko Udalaren Mobikortasun eta Jasangarritasun Sailak bultzatuta. Horrezaz gan, uriko hainbat enpresek, erakundek eta komunikabidek emondako laguntzino eta parte-hartzea oso garrantzitsuak dira. Edizio honetako leloa Oinez nahiz bizikletaz beti seguru da.

Ekimen honek herritarrak animetan ditu garraio jasangarriko neurriak sustatu eta abian jarrri deiezan; era berean, herritarrak autoa ez diran beste aukera batzuk probau deiezan gura da. Helburuak ez dira edozelakoak: erregai arruntakaz dabizan autoak apurka-apurka kentzea 2050erako eta emisinorik bako logistikarantz joatea uri nagusietan 2030ean.

Hamarkada bi honeetan asko aurreratu da gure botxoa herritarrentzako leku atseginagoa eta osasungarriagoa izan daiten, oinez edo bizikletaz joateko erosoagoa izan daiten, osasuna eta bizi-kalidadea hobetzen daben ariketa aktibo modura: oinezkoentzat egokitutako espazioak, espaloi zabalagoak, bizikleta ohiko garraioen alternatiba izateko apustu sendoa udal bizikletak mailegatzeko zerbitzuaren bidez, 450 bizikleta elektriko jartea zerbitzu horretan, gero eta bidegorri gehiago egitea edo trafikoaren abiadura uri osoan moteltzea; era berean, diru asko inbertidu da igogailuetan eta arrapaletan, altueren desbardintasunak bizilagunen bizitzeari eragiten deutson lekuetan irisgarritasuna errazteko; autobusak erosi dira jasangarritasunaren erispideak erabilita, karga elektrikoa egiteko lekuak egokitu dira...

Aurten lehenengo aldiz, Bilbao Iberdrolak eta Athletic Fundazinoak bat egin dabe Mobikortasunaren Aste Europarragaz.

2019ko Mobikortasunaren Aste Europarra datorren astelehenean, irailaren 16an, hasiko da, belaunaldien arteko berbaldi-paseo bategaz; edadekoentzat eta dibersidade funtzionala daben personentzat osasungarriak eta seguruak diran ibilbideei buruz berba egingo da Otxarkoaga-Txurdinagako Erretiratuen Alkartean. Lehen ekitaldi horretan, oinez egiteko 15 ibilbide aurkeztuko dira, 5 kilometro baino apur bat gehiagokoak. Bilbo ezagutzeko 15 ibilbide dira, bertatik igaroten diran personek euren osasuna eta ongizatea jagon deien eta espazio publikoak konkistau deiezan. Bilbok bat egiten dau Mobikortasunaren Aste Europarraren aurtengo dei nagusiagaz, izan be, Erdu oinez geugaz! eta Oinez nahiz bizikletaz, beti seguru lemakaz modu berezian nabarmendu nahi dau gitxiesten dan garraiobide bat: oinez joatea.

Hori dela-eta, Mobikortasunaren Aste Europarra irailaren 22an, domekan, amaituko da, hain zuzen be Bilbao nire kotxe barik eguna ospatuz. Horri gehituko jakoz ohiko Ibilaldi Herrikoia Bizikletan eta, lehen aldiz aurten, 10.000 urratsen Ibilaldia.

Zenbait hitzordu izango dira aste osoan eta irailaren 18tik 22ra jarduerak areagotu egingo dira Arenaleko Mobikortasun Azokeagaz; bertan, urian abian jarten dabizen estrategien barri emongo jake herritarrei eta, aldi berean, euren ekarpenak eta ideak jasoko dira. Gero, mobikortasun jasangarriaren arloko barritasunak erakutsiko dira, izan be, edizino honetan Bilbok goi-goian jarriko dau mugea eta erakusketa handi batean ibilgailu elektrikoak eta jasangarriak izango ditu ikusteko eta probetako. Mobikortasunaren Azokan umeentzako jarduera ugari izango dira, Bilbobus atzo, gaur eta bihar erakusketea, bizikletaren oinarrizko mekanikeari buruzko tailerrak, nordic walking-eko ikastaroak eta martxak.


Oinez nahiz bizikletaz, beti seguru

Europako Batzordeak nabarmendu dauenez, aukera ederra da mobiduteko modu garbiak probau, garraioak gaur egun dituan desafioen balantzea egin eta Europan mobikortasun jasangarriago baterantz joateko.

Kontzientziazino kanpaina bat da, arduradun politikoei eta herritarrei erakusteko autoa urietan modu irrazionalean erabilteak dakarzan ondorio negatiboak zeintzuk diran, osasun publikorako eta ingurumenerako, eta garraiobide jasangarriagoen onurak zeintzuk diran zabaltzeko.

Nabarmentzekoa da ekimen honetan gizarte zibilak, alkarteek, erakundeek eta enpresek daben zeregina. Astean zehar jarduerak egiten ditue mobikortasun jasangarriagaz lotuta, kutsatzen ez dauen garraiobide bat aukeratzen dogunean jokabide-aldaketak dakarzan onuren inguruan euren eraginpeko herritarrak kontzientzietako.

Lehen Bilbao nire kotxe barik egin zanetik bere eragina eten barik hazi da. 2018an, kanpaineak bere markea hausi eta 2.792 herrik eta urik hartu eben parte, aurreko urtean baino 266 erakunde gehiago.


Bilbao nire kotxe barik!

Hilaren 22an, Bilbao nire kotxe barik! eguna ospatuko da, urietan zirkulazino handiagaz lotutako arazoei konponbideak bilatzen ahalegintzeko.

Mobikortasunaren Aste Europarrak Bilboko Ibiltariaren Saria emongo dau, Bilbo atseginagoa, bizigarriagoa eta jasangarriagoa izaten laguntzen daben personen lana eta balioak autortzeko. Aurten hautagaiak dira Txema Soria eta Jon Mujika kazetariak, Marisa Salas aktore eta umoristea, eta Bilbao Basket taldeko Alex Mumbrú eta Javi Salgado jokalariak.

Ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloko sentsibilizazino-ekimenetan laguntzen daben hedabideetan egingo diran botazinoen bidez eta Bilbao nire Kotxe barik web orrian irailaren 20ra arte jasotako botoen bidez hautatuko dabe herritarrek irabazlea.


Ibiltariaren sariaren irabazleen zerrenda

Sariaren lehengo irabazlea, 2012an, Virginia Berasategi triatleta bilbotarra izan zan. 2013an, barriz, Bilboko Txikiteroak aukeratu zituen; 2014an, Bakuva gizarte laneko alkartea izan zan irabazlea eta 2015ean, Gorabide Alkartea izan zan sariduna. 2016an, Ibon Areso Bilboko alkate ohiari emon jakon eta 2017an, emakume bilbotarrei, garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak izateagaitik. Azken edizinoan, Fortunato Vencedor izan zan irabazlea, maratoiak egiten dituen laurogeitaka urteko korrikalari bilbotarra.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu