Eusko Jaurlaritzeak zinpeko itzultzaile nahiz interprete izateko habilitazino probetarako deia dakar

Bizkaie! 2019-09-12 10:22   Euskerea berbagai

Eskabideak irailaren 13tik 26ra aurkeztu daitekez.

Eusko Jaurlaritzeak zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazinoa lortzeko probetarako deia egin dau, gaurko Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian jaso danez. Jaurlaritzearen ardurea izanik zinpeko itzultzaile eta interprete lez lan egin ahal izateko gaikuntza profesionala arautzea, deialdi honen bitartez aukerea emoten jake interesatuei habilitazinoa lortzeko. Deialdia honako hiru habilitazinoetarako da: euskerea-gaztelania/gaztelania-euskerea, euskerea-ingelesa/ ingelesa-euskerea eta, hirugarrenik, euskerea-frantsesa/frantsesa-euskerea.

Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazinoa lortzeko probetarako deia egiten daben 3 ebazpen argitaratu dira, bat hizkuntza bakotxerako. Itzultzaile lanetarako habilitazinoa lortu ahal izateko honako proba honeek gainditu behar dira:

1.- Zuzenbidea: Erantzun anitzeko 50 galderak osotutako test moduko azterketea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazino Orokorreko administrazinoko goi-mailako kidegoari jagokona.

2.- Euskerea: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 maileari jagokona.

3.- Itzulpena:

a) Beste hizkuntzetatik euskerara: ordu eta erdiz orrialde biko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

b) Euskeratik beste hizkuntzetara: ordu eta erdiz orrialde biko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

Zinpeko interprete lanetarako habilitazinoaren kasuan, barriz, aurreko hiru probak gainditzeaz gan, interpretazinoarena be gainditu beharko da.

4.- Interpretazinoa: gehienez be hamabost minutuko berbaldi bi interpretetea, beste hizkuntzetatik euskerara eta euskeratik beste hizkuntzetara. Aldibereko proba hau interpretazino-kabinan egingo da eta grabau egingo da.

Probetan parte hartzeko gitxienez diplomaturea, injinerutza teknikoa, arkitekto teknikoa, gradua edo baliokidea dan beste tituluren bat izan behar da. Eskabideak irailaren 13tik 26ra bitartean aurkeztu daitekez. Zenbait erakunde pribatuk habilitazino hau eskatzen dabe zinpeko itzulpenak egin ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu