Kontzertu solidarioa Bilbon, Alboan GKEaren alde

Bizkaie! 2019-09-12 09:02   Musikea

Hitzordua irailaren 23an izango da Bilboko Euskalduna Jauregian.

BM Supermerkatuek eta Bilboko Koral Alkarteak kontzertu solidario bat eskainiko dabe irailaren 23an, Alboan GKEari laguntzeko. Euskalduna Jauregian izango da, eta talde koralak Beethovenen IX. Sinfonia abestuko dau, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoagaz batera. Sarrerak joan dan garagarriletik daude salgai, eta batzen dan dirua Alboan GKEari emongo jako.

Aurkezpenean, Iñigo Alberdi Bilboko Koral Alkartearen kudeatzailea, Pedro Galdos BM Supermerkatuen Marketin arduraduna, María del Mar Magallón Alboanen zuzendaria eta Ibon Aranbarri BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoaren kudeatzailea; talde artistikotik, barriz, Ana Otxoa sopranoa, José Manuel Díaz baritonoa, eta Enrique Azurza Bilboko Koral Elkartearen zuzendaria izan dira bertan.

Kontzertu solidario hau BM enpreseak eta Koralak Bizkaian gizarte eta kultura ekimenak sustatzeko eginiko akordioaren emoitzea da. Alberdik esan dau: 2019-2020 denporaldiari hasierea emoteko IX. Sinfonia eskaintzea muga oso goian jartea da eta koruaz eta orkestraz egongo dan bakarlari-multzoa be parebakoa da. Bilboko Koral Alkartearentzat, ohorea da talde artistiko horrek parte izatea, agertokia lurraldeko musikariakaz konpartidutea, BM Supermerkatuen eskutik eta ALBOANen aldeko ekimen baterako.

Bestalde, Galdosek azaldu dauenez, guretzat, pribilegioa da hain maiteak diran eta musikeagaz eta Bizkaiko gizarteagaz daben inplikazinoagaitik behar-beharrezkoak diran erakundeakaz batera lan egitea. Lan eredugarria egiten dabe BOSek eta Koralak, ezinbestekoa musika-kultureari eusteko, eta ALBOANek, ostera, beharra daben kolektiboen alde; horregaitik, ohorea da parte hartu geinken ekitaldietan gure laguntzinoa eskaintzea.

Alboaneko zuzendariak eskertu nahi izan dau Bilboko Koral Alkartea eta BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoa erakunde maitatu eta prestigiotsuek, eta BM Supermerkatuak enpresa liderrak, euren konfiantzea ALBOANen jarri eta gure proiektuak aukeratu izana ahalegin solidarioa bideratzeko. Orain hamarkada bi edo hainbat norbanako eta erakunderen borondateak batzen gabiz, herritar arduratsuak eta giza garapena, justizia eta bizitza duina persona guztien eskura izango dituan mundua lortzeko. Helburu horrek ekimen zehatzak dakarz, berbarako, kontzertuan batzen dan dirua Amazonia proiektura bideratuko da: Guztion etxea jagoteko, Panamazoniako 26 ikastetxetako ikasleen kulturarteko heziketea eta hezkuntza elebiduna sendotzen ditu, Bolivia, Brasil, Ekuador, Peru eta Venezuelan esan dau Magallónek.

Azkenik, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiak nabarmendu dau BOS jarduera solidarioakaz sano konprometiduta dagoala: Gure erakunde publiko honentzat funtsezkoa da ekintza solidarioak sustatzeko asmoa daben proiektuetan parte hartzea. Orkestra eta Korala, euren ibilbide luzeetan, beti egon izan dira bat eginda holako proiektuetan; beraz, logikoa da barriro ibiltea alkarregaz kontzertu honetan, ALBOAN GKErako dirua batzeko asmoz. Konpromiso honegaz batera, ahalik eta kalidate artistikorik handiena eskainiko dogu.

Sarrerek -Euskalduna Jauregiko leihatilan eskuragarri- 30€ balio dabe, baina Bizkaiko edozein BM Supermerkatutan egindako 60€-tik gorako erosketa bakotxagaitik sarreran % 50eko deskontua izateko txartel kodedun bat banatuko da; hau da, sarrera bakotxak 15€ balioko dau.


Alboan Fundazinoa

Jesuiten nazinoarteko lankidetzarako GKEa da, EAEn eta Nafarroan. Alboan 1996an jaio zan, herritarrak gure munduari eragiten deutseen arazoakaz konprometiduteko asmoz. Egungo gure sistema honek bakartutako persona askogaz batera, herritar guztiek munduko bidebakokeriak salatu deiezan lan egiten dau, danon ongizatea bultzatuko dauen kulturea sortu deien, eta tokian tokiko zein mundu-mailako pobrezia eragiten daben egiturak eraldatu deiezan. Horretarako, honako kontuen inguruko proiektuak bultzatzen ditu: 1) Kalidadezko hezkuntzea; 2) Nahitaezko giza mobikortasuna; 3) Ingurumena jagotea eta bestelako ekonomia-garapen iraunkorra; 4) Genero-bardintasuna; eta 5) Herritarren parte-hartzea. Proiektuak Hego Amerikan, Asian eta Afrikan bideratzen ditue, komunidade kaltebera eta bakartuei laguntzeko. Igeslariei, baztertuei, migratzaileei, herri indigenei eta andre, gazte eta umeei arreta berezia eskaintzen jake.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu