Euskerearen Markea ikerketa proiektua aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2019-09-10 12:06   Euskerea berbagai

Proiektu aitzindaria da markearen kontzeptua hizkuntzen eremuan apliketan dan lehenengo aldia baita nazinoartean.

Euskal Herriko Uibersidadeak (UPV/EHU) euskerearen markea aztertzeko ikerketa proiektu bati ekin deutso euskalgintzako eragileakaz batera: Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Elkar Fundazinoa, Berria Fundazinoa, Elhuyar Fundazinoa, Aek, Emun, Ikastolen Alkartea eta Euskaltzaleen Topagunea dagoz tartean.

Helburu horregaz NIK ikerketa taldea sortu da gai honen gainean lan egiten daben ikerlariakaz. Alor akademikoan, proiektu aitzindaria eta barritzailea da markearen kontzeptua hizkuntzen eremuan apliketan dan lehenengo aldia baita nazinoartean. Hizkuntza markagintzearen (language branding) kontzeptualizazinoa eta berau aztertzeko metodologia garatzeko dagoz oraindino, beste edozein herrialdeetako plangintza linguistikoan baliogarri izan daitekeen ekarpen barria eginez.

Beste alde batetik, euskerearen ezagutzea gero eta zabalduago dagoan honetan eta auzia erabilerara ekarrita, hizkuntzen markea giltzarria izango da hizkuntza aukeraketea egiteko orduan eta euskalgintzearen ahaleginak norabide horretan be bideratu beharko dira.

Agerraldia Bilboko Bizkaia Aretoko Elhuyar Gelan izan da eta bertan batu dira Jon Zarate Sesma, UPV/EHUko Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arloko errektoreordea; Olatz Olaso Garitano, Emuneko zuzendari orokorra; eta Estitxu Garai Artetxe, Ikerketa Proiektuaren zuzendaria.

Era berean, Paul Bilbao (Kontseiluko idazkari nagusia), Joxemari Sors (Elkar Fundazinoko lehendakaria); Bea Zabalondo (Berria Taldeko presidentea); Iñaki Urkijo (AEK-ko artezkaritzakidea) Jon Abril (Elhuyar Fundazinoko zuzendaria), Koldo Tellitu (Ikastolen Alkarteko lehendakaria), Manuel Moreno (Euskaltzaleen Topaguneko ordezkaria), Josu Amezaga (Ikus-entzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea Saileko zuzendaria eta NOR taldeko ikerlari nagusia) be izan dira.

NIK ikerketa taldeko UPV/EHUko ondoko irakasleak be izan dira: Patxi Azpillaga, Irene Garcia, Irati Agirreazkuenaga, Angeriñe Elorriaga, Koldo Atxaga, Sergio Monge, Ainara Miguel eta Naroa Jauregizuria.

Behin markagintzearen jakintza teoriko eta praktikoak hizkuntzearen eremura ekarrita, edozein hizkuntzatan baliogarria izan daitekeen eredua sortzea da asmoa. Teknika kualitatibo eta kuantitatiboak erabiliko dira eta ikerketea hurrengo hilebeteetan egingo dan makroinkesta bategaz amaituko da. Ondoren, emoitzak lantzeagaz batera, euskerearen kasurako rebranding edo marka estrategia proposamena egingo dabela azaldu dsu Estitxu Garai proiektuaren zuzendariak.

Emoitzek euskerearen erabileran eragiteko bide emongo dabela dinoe egitasmoaren bultzatzaileek: Euskerea inguratzen daben narratibek eta euskereari lotutako asoziazino positiboek eragin zuzena izan leike berau erabilteko motibazinoan, izan be, gero eta eleanitzagoak diran jendarteetan, komunikazinorako tresnak izateaz gan, hizkuntzek balio sinbolikoa hartzen dabe. Metaforikoki azalduta, hizkuntza bakotxa soineko jakin bat bihurtzen da, ezaugarri sinbolikoz jositako soineko. Euskerearen soinekoa jantzita gure burua zelan ikusten dogun eta zelan sentiarazoten gaituan, zelan baldintzatzen dauen soineko horrek besteek zelan ikusiko gaituen, horra hor proiektu honek landu asmo dauena adierazo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu