Abian da Euskadiko 103 euskaltegien matrikulazino kanpainea

Bizkaie! 2019-09-09 08:12   Euskerea berbagai

Helburua da 2020-2021 ikasturterako dobakoa izatea euskerearen irakaskuntzea B2 mailara arte.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2019-2020 ikasturterako euskaltegien matrikulazino kanpaina barria aurkeztu dau gaur, Donostiako Urrats euskaltegian. Euskereagaz gehiago ahalko dozu lelopean, irailaren 27ra artekoa da aurtengo matrikulazino kanpainea, Euskal Autonomia Erkidegoan 103 euskaltegietara milaka herritar erakarteko asmoz. Aurreko urteetako matrikulazino datuak barritzen badira, 35.000 ikasle inguruk ekingo deutse euskerea ikasteko edo bere gaitasuna hobetzeko erronkeari. 2019-2020 ikasturtean, gainera, inoiz baino dirulaguntzino gehiago izango ditue ikasleek: Eusko Jaurlaritzeak ikasleentzako dirulaguntzinoetara bideratutako aurrekontua % 37 igon dau aurten (igaz % 44 igon zan). Helburua da erakunde guztien dirulaguntzakaz 2020-2021 ikasturterako dobakoa izatea euskerearen irakaskuntzea B2 mailara arte.

Zupiria sailburuagaz batera, gaurko ekitaldian izan dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta Isidro Yoldi Urrats euskaltegiko zuzendaria, bai eta aldundietako, Donostiako Udaleko, EUDEL, UEMA eta euskaltegien munduko ordezkariak eta ikasleak be. Nabarmendu dabenez, euskereari atea edegita, herritarrek aukera berriak topauko ditue.

Zupiria sailburuak azpimarratu dau euskerea ikastea dala herritar moduan ahalduntzeko beste modu bat: Euskereagaz gehiago ahalko dozu’ da aurtengo leloa, uste dogulako euskeraz berba egiteko gai izatea herritar bezela ahalduntzeko beste modu bat dala. Eta hori euskerea ikasteko bidea egin dabenek nabarmentzen dabe. Euskerea ikasiz, ikusezina zan mundu bat ikusgai bilakatzen da. Aisialdirako aukera barriak, komuniketako aukera berriak, gauzak ikusteko era ezbardin bat, musika gehiago, literatura gehiago, kultura gehiago, lagun barriak edota aukera profesional barriak agertzen dira. Euskerea ikasteko urratsa emotea ahalmen barri bat betiko eskuratzea da: euskerea bizitza guztirako inbersinoa da.

Era berean, Zupiria sailburuak eskertu nahi izan dau euskerea ikasteko urratsa emoten daben herritarren ahalegina: 1986tik 470.000 herritarrek emon dabe izena EAEko euskaltegiren batean. Hareien ezaugarriak, euskereagazko hartu-emonak, motibazinoak eta esperientziak oso ezbardinak izan dira, baina guzti-guztiei eskertu behar deutsegu egindako ahalegina. Euskerea ikasiz beste hainbat herritarrakana hurreratzeko ahalegina egin dabe eta gure gizartearen alkarbizitzea sendotzen lagundu dabe.

Aurkezpenean azpimarratu dabenez, EAEko euskaltegien sarea osotzen daben 103 euskaltegiek erraztasun guztiak eskainiko deutsee ikasleei euskerea ikasteko bidea ahalik eta erosoen egin deien.

Eusko Jaurlaritzeak % 2,2 areagotu dau EAEko euskaltegien sareko zentroentzako dirulaguntzinoak (HABEk kudeatzen dauen euskaltegien sarean EAEko 103 euskaltegiak dagoz). Guztira, 32.910.000 euro bideratuko ditu HABEk euskaltegiak laguntzeko (20.760.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.150.000 euro udal euskaltegientzat), igaz baino 707.500 euro gehiago.

Pasa dan ikasturtean, 35.524 ikaslek emon eben izena Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 856 ikasle gehiago (% 2,4 gehiago). Igazko ikasturtean matrikulautako ikasleen % 66,6 emakumezkoak ziran, eta % 33,34 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko edadea 38,61 izan zan. Ikasleen % 80k euskaltegi pribatuetan emon eban izena, eta ganerakoek udal euskaltegietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu