Xabier Zeberio: 'Gure etiketea da zaleak emozionetea'

Koldo Isusi Zuzo 2019-09-09 08:15   Barriketan

Alos Quartet taldeko musikaria.

Alos Quartet taldeak (Xabier Zeberio, Lorena Núñez, Francisco Herrero eta Iván Carmona) oraintsu aurkeztu dau Lau disko barria. Danetara, 16 pieza batu ditue, batzuk doinu ezagunen berrinterpretazinoak, gehienak barriak, Xabier Zeberiok konposatuak eta moldatuak.

Alosen ibilbidean aurrerapausu barria da, orain arte erakutsitako kalidadea sendotzen dauena, laukotearen sorreratik 20 urte bete diranean.


1.- Orain egun batzuk 35. Getxo Folk Jaialdian, irailaren 5ean, erakutsi zenduezan kantu barriak jentaurrean. Zelako esperientzia izan zan, jenteak zelan hartu ditu kantu barriak?

Esperientzia ederra. Laupabost urte joan dira aurreko diskoa Garden argitaratu genduanetik eta jentea zain egoala igarri dogu. Gogotsu sentidu genduzan, pozik eta harrera polita egin euskuen; ikuskizun barrian, jantza garaikidea eta musikea buztartu doguz eta zuzenerako oso egokia da.


2.- Lau izeneko diskora 16 pieza batu dozuzez, batzuk doinu ezagunen berrinterpretazinoak, gehienak barriak. Zer topauko dau entzuleak disko barrian?

Aurreko diskoaren bidetik jarraitzen dau barri honek be eta, beraz, 16 doinu barri dira, 14 dira berenberegi sortuak eta beste bi doinu Mikel Laboa omenduz, Oi Pello Pello instrumentala eta Mikel beraren Lekeitioak ezagunen zatitxu bat; bigarrena, barriz, Iparraldeko kantu ezaguna: Ikusten dozu goizian, Elizanburuk sortuaren bersinoa.

Aurreko diskoan legez, Eñaut Elorrietaren lana be gogoan hartzekoa izan da, Izaro mallabiarrak kantetako doinua sortu dau, Uretan izenekoa. Ederra.

Estiloen buztarketea darabilgu aspalditik eta orain be horri ekin deutsagu, herrikoia, minimalistea, popa, elektronikoa, produkzino propioa; gure jarraitzaileei oso ezagunak egingo jakezan doinuak.


3.- 1999an emon zenduezan lehen pausuak eta ordutik hona bide oparoa egiten zabizie musika klasiko naiz modernoan. Taldekideak folk talde ezbardinetako parte-hartzaile be bazarie, baita Euskal Herriko hainbat musika proiektutako ohiko kolaboratzaile be. Ibilbide luze eta emonkor horretan ze mugarri nabarmenduko zeunke?

Asko. Bakarkako lau diskoak, birak ez daukaguz ahaztuteko. Erritmo lasaian, prisarik barik baina inurrien moduan gabiz gustora. Eta hogei urte pasauta momenturik onenean sentiduten gara. Dulce Pontes portugaldarragaz makinatxu bat kontzertu egin izan doguz han eta hemen eta erabagiorra izan da hori oso gazterik mundu honetan sartzeko, Silvio Rodriguezegaz kantu bat grabetako deitu euskuen, Juan Carlos Cambas pinista argentinarragaz... Urteotan guztiotan jente askogaz kolaborau dogu, batzuk aitatzearen, Oskorri, Kepa Junkera, Carlos Nuñez eta Euskal Herriko hainbat taldegaz, Ken Zazpi, Esne Beltza... Hogeigarren urtebetetzea ospatzen gabiz disko barria tarteko dala eta urte amaieran emongo doguzan kontzertu bereziak ahaztu barik. Getxo Folkeko zuzenekoaz gan, diskoaren aurkezpena be Getxon egin genduan eta urte amaieran, Gasteizen, Tolosan eta Donostian emongo doguzan kontzertuak preparetan be bagabiz.


4.- Taldearen sorreran ze eragin izan eban Niko Etxartek?

Handia. Kasualidadez sortutako taldea gara, Niko Etxarti esker gara Alos Quartet, disko baterako batu gintuan eta horixe izan daiteke Alos Quartet taldearen ibilbide luzearen sekretuetako bat, kasualidadez sortu ginala, gauzak larregi pentsau barik.

Egin izan doguzan birak be, berbarako Dulce Pontes lako abeslariakaz, Niko ezagutu ostean gauzatu ziran.


5.- Zeu Xabier Zeberio, Nyckelharpajolea eta biolinistea, Francisco Herrero biolinistea, Lorena Nuñez biolea eta Ivan Carmona, txeloa zarie Alos Quartet. Ze publiko hurreratzen da zuon zuzenekoetara?

Danetarik, gazteak, helduak zein edadekoak. Gure musikea erraz entzuten da. Pentsau ez arren, jenteak musikea maite dau eta estilo kontuan sekula ez dogu arazorik izan, hogei urteotan mimo handiz, prisa barik egin dogu lan eta hori produktuan igarten da; publikoak lanketa hori baloretan dau eta gustora entzuten ditue gure doinuak. Minoria zabala da gure publikoa. Edade guztietakoak izaten dira gure kontzertuotan, gazteak zein helduak.


6.- Zeu zara doinuen konposatzaile eta moldatzailea baina Lau diskoan taldeak Iñigo Egia izan dau lagun perkusinoetan, Iván Alzate baxuan eta Aitor Etxebarria (El_Txef_A) programazinoetan. Horreez gan, Oreka Tx-ren txalapartea, Izaroren ahots berezia, Juan Carlos Cambas argentinarraren pianoa, Enrique Solinísen antxinako tresnen maisutasuna eta Pablo Martín Camineroren kontrabaxua be batu jakoz taldeari. Ze ekarpen egin dau El_Txef_A-k?

Mamitsua. Gozamena izan da, ikasketa prozesu interesgarria, ikasten disfrutetan dogu eta hau pausu galanta izan da. Elektronikoa jorratzen dau gernikarrak eta bikain buztartu da El_Txef_A-ren lana geureagaz. Deskubrimendua izan da guretzako. Aspaldiko lagunak gara eta taula gainean be ibilitakoak gara. Niretzako mundu ezezaguna izan arren, azken urteotan arlo horretara gehiago hurreratu eta jaubetu naz geureagaz oso ondo lotzen dala. Diskoan parte hartzea proponidu neutson eta gustora gagoz emoitzeagaz; lan sotila, jatorra, sensibilidade handikoa egin dau. Soinuaren diseinuaz arduratu da eta gure doinuei koloreak eta atmosferea gehitu deutsoz. Diskoari beste dimensino bat emon deutso, beste bide bat urratu dau Alos Quartet taldeak.


7.- Oi Pello, Pello abesti herrikoiaren berrinterpretazinoan, ganera, Mikel Laboaren lekeitio bat be entzun daiteke. Esperimentuakaz gustora geratu zarie?

Bai. Esperimentuak baino gehiago kasualidade moduan hartuko neukez. Mikel Laboaren doinu eta ahotsak jorratzen hasi nintzan estudioan eta ondo geratzen zirala geureagaz ikusi neban. Omenaldi moduan sartzea erabagi genduan Mikelen emazte Marisoli azaldu geuntsan eta ez euskun ezelako trabarik jarri, berarentzat ohorea zala esan euskun. Gu oso pozik gagoz emoitzeagaz, kontzertuetan be erabilten doguz Mikelen soinu eta ahotsa eta jentea txundituta geratzen da.


8.- Formazino klasikoa da zuona baina bestelako doinuak be ez dozuez baztertzen...

Lehen be esan deutsut formazino klasikoa garen arren, sekula ez doguzala baztertzen bestelako ekarpenak eta bide horretan segiduteko amesagaz jarraitzen dogu. Talde eklektikoa gara, korrontearen kontra goaz eta etiketak ez jakuz gustetan, gure etiketea da zaleak emozionetea. Gizarte honetan arlo zehatzetan ikusi gura zaitue bestela ez zarelako ezer.


9.- Hogei urte bete dituan talde batek eta taldeko kideok euskal musikearen azken urteotako gorabeherak ezagutu dozuez. Orain urte batzuetako taldeak, estiloak, aro digitala, musikearen industria, diskoetxeak...

Bai, egia da. Gauzak goitik behera aldatu dira baina alternatiba argirik be ez dago, plataformak, internet eta hor dagoz baina badago publikoa formato fisikoa zein biniloa eskatzen dauena, diskorik ez dala saltzen, jenteak pieza solteak gura dituala...

Orain 20 urte Oskorrin sartu nintzan eta oraintsu agur esan euskuenera arte ibili gara. Misikarion lanbidea ez da erraza, gauzak oso azkar aldatzen dira baina guk geureagaz jarraitzen dogu eta ilusinoz ganezka. Zorionez aldatu ez dan gauza bakarra zuzenekoa da, zuzenekoaren magia.


10.- Carlos Núñezegaz eta Kepa Junkeragaz zein jantzearen alorrean, Aukeran Jantza konpainiagaz eta Kukaigaz alkarlanean ibili zarie, baita Amaia Elizaranegaz eta Markeliñegaz be. Pozik?

Bai. Buztarketak maite doguz, beti gagoz alkarlanaren bila, jantzariakaz oso gustora gabiz, filmeetako soinu bandak sortu eta grabau izan doguz eta jantza eta ikuskizunetarako musikea sortu izan dodaz. Antzerkiaren arloan be bardin musikak eta sintoniak sortu izan dodaz. Esperientzia horrek sano abearsgarriak dira, besteakandik asko ikasten dozulako.


11.- Lai diskoa aurkezten hasita zagoze baina beste erronka batzuk be izango dozuz buruan...

Jakina. Diskoagaz nahikoa lan daukagu orain baina Getxokoaz gan, baditugu kontzertuak Gasteizen, abenduaren 13an, Donostian, abenduaren 23an eta urtarrilaren 3an, Tolosan; horrako ikuskizun berezia atontzen gabiz 20. urteurrena ospatzeko, lagun asko hurreratzea espero dogu eta sano ederra izango dalakoan gagoz.

Horrezaz gan, gauza handirik ezin deutsut esan baina pare bat proiektu potolo daukaguz buruan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu