Bertso-eskola feministetako izen-emotea, astelehenetik aurrera

Bizkaie! 2019-09-06 09:04   Bertsolaritzea

Irailaren 9an edegiko da matrikuletako epea.

Udearen hasieran iragarri bezela, bertso-eskola feminista bi izango ditugu udagoienean: bosgarren urtea beteko dauen Ahalduntze Bertso Eskolea eta aurten bidea urratzen hasiko dan Gizonezkoen Bertso Eskola Feministea.

Hainbat gizonezko bertsolarik aitatu izan dabe feminismoa lantzeko espazio baten beharra. Bertsolari gizonezkoei feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskainiko jake Gizonezkoen Bertso Eskola Feministan: talde dinamikak nahiz adituen edota arituen ekarpenak izango ditue bertsolariek saioz saio, eta gogoetarako eta esperientziak konpartiduteko espazioa egituratu nahi da; bertsotan egiteko espazio bat be izan nahi dau bertso-eskoleak. Arkaitz Goikoetxea eta Iker Iriarte ibiliko dira saioen gidaritzan.

Era berean, Ahalduntze Bertso Eskolea antolatu dabe bosgarren urtez. Datorren ikasturtean, beste pausu bat emongo dogu: plazarako trebatu nahi daben emakume gai-jartzaileentzako be eskainiko da Ahalduntze Bertso Eskolea. Gidaritza lanetan Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal ibiliko dira.

Urrian hasi eta bagilera arte izango dira eskolak; hilean behin batuko dira talde batekoak zein bestekoak, zapatu goizez, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Izen-emotea irailaren 9tik 20ra arte egongo da edegita, 08:00etan hasita, www.bertsozale.eus webgunean egokituko dan orria beteta.

Bertsozale Alkarteak azken urtean egindako Gogoeta Estrategikoan azaleratu da pedagogia feministea lantzen jarraitzeko beharra eta helburu hori dabe eskola bietako ordezkariek.


Aniztasuna, esperimentazinoa eta konpromisoa

Orain 4 urte abiatu zan, 2015-2016 ikasturtean, Ahalduntze Bertso Eskolea. 26 bertsolarik hartu dabe parte orain arte, eta gai-jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Arkaitz Goikoetxea ibili dira. Egitasmo honen sorrerea bertso munduko emakumeen topaketa bie esker etorri zan: 2013an, Artaunsoroko topaketan, emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituen zailtasunak bistaratu ziran, eta, 2014an, Azkizuko topaketan, egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortzeko beharra azpimarratu zan. Eta holan sortu eban Bertsozale Alkarteak Ahalduntze Bertso Eskolea, emakume bertsolarien parte hartzeagaz diseinauta.

'Sorreratik, bertso eskola honek hiru oinarri izan ditu, eta hola izango ditu Gizonezkoen Bertso Eskola Feministeak be: aniztasuna edade, bertso mailea, izakerea, zein feminismoko ikuspegien arteko aniztasunari leku egitea. Horretarako, ahalegintzen gara zaintza talde dinamikearen oinarrian jarten; zaintzaz ikasteko gune bat da; konpromisoa da bertso eskolan parte hartzeko eskatzen dan baldintza bakarra; ikasturtean zehar saioetara etorri eta bat-batean jarduteko jarrerea hartzea; eta esperimentazinoa, ikasteko gune bat da, etenbarik aldatzen dagoana, mobimentuan. Metodologia be egokitzen joaten gara'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu