131 herrialdetatik etorritako 3.921 film labur 61. Zinebin
2019-09-05 12:14 ZinemeaBilboko Udalak antolatutako zinemaldiaren 61. edizioa zemendiaren 8tik 15era izango da.
Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (Zinebi) zemendiaren 8tik 15era ospatuko dau bere hurrengo edizinoa.
Lanak aurkezteko epea zarratu da, eta Zinebik 3.921 film labur jaso ditu (2018an baino 151 gehiago). Horreen artean aukeratuko ditu Aukeraketa Batzordeak Lehiaketako Sekzino Ofizialean lehiatzeko, fikzioan, dokumentalean eta animazinoan ezarri diran sariak lortzeko.
Zinebi, Film laburraren eta dokumentalaren espezialidadean Estaduan A Klasea dauen nazinoarteko jaialdi bakarra da, 1974tik FIAPF erakundeak (Film Produktoreen Alkarteen Nazinoarteko Federazinoa) aintzatetsia. Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile lez hartzen dau, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta Britainia Handiko BAFTA Sarietarako eta Espainiako Zinema Akademiako Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile be bada.
131 herrialdetatik heldutako lanen jatorriari jagokonez, ohikoa danez, Espainia azpimarratu behar da (785 film, horreen artean Euskal Herriko 116), eta ondoren Frantzia (320), Alemania (250), AEB (157) Erresuma Batua (136) eta Italia (84) datoz. Eremu latinoamerikarrari jagokonez, film labur gehienak Brasiletik (174), Argentinatik (143) eta Mexikotik (76) heldu dira, baita beste herrialde batzuetatik be, Kolonbiatik (59), Txiletik (53), Kubatik (36), Costa Ricatik (7) eta Guatemalatik (3), besteak beste.
Zine produkzino urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ia ezezaguna daben herrialdeen artean, ondokoak azpimarratu behar dira: Albania (3), Andorra (2), Azerbaijan (3), Guatemala (3), Jordania (2), Kirgizistan (3), Moldavia (2), Zeelanda Berria (5), Pakistan (3), Qatar (3), Tajikistan (1), Uzbekistan (2) eta Vietnam (3). Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek zinemaldi beterano honen nazinoarteko izakerea nabarmentzen dau.
Azkenik, eta zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, izena emondako filmen kopurua hau izan da: 2.476 fikzino, 940 dokumental eta 505 animazino, eta horreen artean aukeratuko dira azkenean nazinoarteko lehiaketan parte hartuko dabenak.
Zinebik bere nortasun zeinu nagusietakoari eusten deutso, bost kontinenteetako zuzendarien sormena eta talentua bultzatuz, formatu horretako aukeraketeagaz. Gainera, Zinebik berriztau egin gura dau zine independenteagaz dauen konpromisoa, baita zinema garaikidearen prozesu artistiko konplejuak eratzen dituen jokera eta lengoaia barriei eta zinemagileen exigentzia etiko eta estetiko maila altuari emoten deutseen arretea be.
Guztiak Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 €) eta lehiaketan parte hartzen daben hiru generoetako Mikeldi Saria irabazteko lehiatuko dira: fikzinoa, dokumentala eta animazioa (5.000 € kategoria bakoitzeko). Sari horiez gain, Euskal Zinearen Sari Nagusia (6.000 €), Zinema Espainiarraren Sari Nagusia (6.000 €), SGAE Fundazinoa-Euskadiko Kontseilua Saria Euskal Gidoi Onenari (3.000 €) eta EITBk babestutako Ikus-Entzuleen Saria (3.000 €) irabazi ahal izango dira, beste batzuen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!