Bilboko 31. Pop Rock Lehiaketako kontzertuak irailaren 12an hasiko dira

Bizkaie! 2019-09-04 15:06   Musikea

32 emonaldiak urriaren 4ra bitarteko eguenetan eta barikuetan izango dira, 20:00etan hasita, Bilborock-en.

Bilboko Uria Pop Rock Lehiaketeak 31. aldia izango dau aurten, eta finalerako sailkatzeko kontzertuak eguenean hasiko dira, irailaren 12an; urriaren 4ra arte, 32 kontzertu egingo dira, hautatutako talde bakotxeko bana, astero eguenetan eta barikuetan, 20:00etatik aurrera, Bilborock aretoan. Finalak modalidadeka egingo dira (pop-rock, metal eta urban) urriaren 17an, 18an eta 19an. Sarrera librea eta dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Lehiaketa honetan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako taldeek hartu dabe parte. Lehiaketearen helburua da euren lanak bultzatzea eta zabaltzea, agertokia Estaduko zein nazinoarteko beste talde batzuekaz konpartiduteko aukerea emoteaz gan. Bilbo Uria Pop-rock Lehiaketea Europako musikearen panoraman aitzindari bihurtu da.

Epaimahaia musika-arloko espezialistek osotu dabe, eta haren ardurea izan da sailkapen-fase honetan zuzenean joko daben 32 taldeak hautatzea. Edizino honetan 344 taldek emon dabe izena (256 talde pop-rock modalidadean; 41, metalekoak; eta 47, urban modalidadean), eta horreen artetik aukeratu dira taldeak.

Sailkapen-kontzertuen bidez, kategoria bakotxetik finalean joko daben hiru taldeak hautatuko dira. Finaletako kontzertuak Bilborock-en izango dira: urriaren 17an, pop-rock modalidadeko finala jokatuko da, urriaren 18an, metalekoa eta 19an, urban modalidadeko finala egingo da.


Aukeratutako taldeak

Aukeratutako taldeen % 28, hau da, 32tik 9, Euskadikoak dira: 8 Bizkaikoak eta 1 Arabakoa; gehienak, % 66, Estadukoak dira, batez be Madril eta Valentziakoak. Azkenik, talde bi, guztien arteko % 6, estadutik kanpokoak dira, Frantzia eta Portugalekoak.

32 talde horreetako kideak, guztira, 124 dira. Partaideen batez besteko edadea 28 urtekoa da.

Parte hartu daben taldeen % 28an, 32tik 9tan, emakumeren bat dago. Taldeetako bat, Pinpilinpussies (Bartzelona), emakumez osotua da. Esangura horretan, emakumeak dituen taldeen portzentajea sendotu egin da aurreko edizinoaren aldean: guztien % 12 dira. Hain zuzen be, taldeetan emakumeen kopurua indartzea da lehiaketearen erronketako bat.

Kontuak, bihar, irailak 5, 19:00etan, Bilborocken, Musik / Fem Bilbao ospatuko da, ardatza mahai-inguru bat izango dalarik, emakumeek zuzeneko musikan daben lekuari buruzkoa. Mahai-ingurura edonor sartu ahalko da, doban; han izango dira MIM-Mujeres de la industria de la música alkarteko presidentea, Carmen Zapata; Belako taldeko Cris Lizarraga, eta Eva Sarasola, Last Tour International ordezkatuz, eta Leyre Aranguren, Aberein Estudioetakoa. Arkaitz Villar, EHMBE alkarteko kidea eta MUSIK/FEM-en sustatzailea, Jone Novogaz batera, izango dira mahai-ingurua zuzentzen.


Kontzertuen egutegia

Sailkapen-kontzertuak eta finalak egun honeetan egingo dira:


Pop-Rocka

Sailkapen-kontzertuak: irailaren 12, 19 eta 26an eta urriaren 3an.
Finala: urriaren 17an


Metala

Sailkapenekoak: irailaren 13an eta 20an.
Finala: urriaren 18an


Urban

Sailkapenekoak: irailaren 27an eta urriaren 4an.
Finala: urriaren 19an.

Hiru sari emongo dira modalidade bakotxean: 4.000 euro modalidade bakotxeko irabazlearentzat; bigarrenentzat 2.000 euro, eta hirugarrenen geratzen diranentzat 1.300 euro. Era berean, epaimahaiaren sari berezia be emongo jako Bizkaiko talde edo bakarlari onenari, 1.000 euro, hain zuzen, bertoko taldeen lana sustatu eta balioa emon guran.

Eskudirutan emongo diran sari horreez gan, beste batzuk be izango dira, babesleek emonak (materiala, zabalkundea, zuzeneko emonaldiak...). Kontzertuetara doazenek be izango dabe sari batzuk eskuratzeko aukerea —esaterako, jaialdietarako abonuak—, finalistak hautatzeko botazinoetan parte hartu ezkero.


Webgunea eta streaming bidezko finalak

Finalak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean, bilbaogazte.bilbao.eus atalean.

Webgune horretan, gainera, lehiaketearen gaineko informazino guztia begiratu ahal izango da: kontzertuen datak, taldeen gaineko informazinoa, eta, horrezaz gan, talde bakotxak aurkeztutako kantuak be eskura izango dira, baita kontzertuen bideoak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu