Patriarkadua bizi-bizi dagoala dino Jule Goikoetxeak
2019-09-04 10:37 Pil-pileanEmakunderen ekimenez idatzi dau EAEko demokrazia patriarkala liburua.
Jule Goikoetxea ikerlari eta irakaslea, eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria jentaurrean agertu dira, EAEko demokrazia patriarkala liburua aurkezteko. Ikerketearen helburua da aztertzea zelan birsortu dan patriarkadua EAEn, ze ezaugarri dituan, eta ze ondorio emakumeen ongizatean, ahalduntzean eta demokratizazinoan. Emakundek emondako beka bati esker idatzi dau lana Goikoetxeak, Lore Etxeberria, Estitxu Garai eta Nora Mirallesen laguntzinoagaz.
Azterlanaren ondorio nagusietako bat da, patriarkadua bizi-bizirik heldu dala gaur egungo sasoietara, horretarako egokitzapenak eginaz. Lau arlotan aztertu dabe hori Goikoetxeak eta lantaldeak: lan ordainduan, lan ez ordainduan, ongizate erregimenean eta eremu sozio-politikoan. Lauretan ikusi ahal izan dau gizon eta emakumeen arteko desbardintasun ekonomiko, sozial, kultural eta sinbolikoak agiri dirala.
Lan ordainduan, esate baterako, emakumeen lanaldi partzialak aitatu ditu Goikoetxeak. Ganera, emakumeak nagusi diran lanpostuei balioa kentzen jake. Soldata-arrakalarako bidea zabaltzen da holan. Lan ez ordainduan be, zaintzeari balioa kentzen jako.
Bestetik, azterlanaren arabera, ongizate erregimen familiaristeak patriarkadua birsortu egiten dau gure gizartean. Eremu sozio politikoan, ostera, emakumeek ardura eta potere eremuetan sartzeko eta eragiteko trabak ditue.
Egoerearen diagnostikoa egiteaz gan, urtenbideak be eskaintzen ditu Goikoetxearen liburuak. Eskemei bueltea emotea beharrezkoa da, gaur egun gizonek egindako lanei prestigio handiagoa emoten jakolako. Emakumeek bizimodu duinerako aukerea izan deien, dobako lana egiteari ixtea eta autonomia lortzea be aitatzen dau azterlanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!