Gaur hasiko da XIII. Getxophoto jarduera-egitarau zabalagaz

Bizkaie! 2019-09-04 08:47   Kulturea

Irailaren 5ean, Neil Harbissonek, lehen zyborg bezela autortua izan dan artisteak, kontzertu labur sailkaezina eskainiko dau.

Gaur eguztena, irailak 4, hasiko da Getxophoto, Getxoko Nazinoarteko Irudi Jaialdia, irailaren 29ra arte udalerriko hainbat tokitan egingo dana, Post Homo Sapiens. Etorkizuna programetan lemapean, lanek gaur egun azelerazinoak, automatizazinoak, adimen artifizialak zein aurrerapen teknologiko eta zientifikoek norbanakoei eragiten deutsezan erronkak izango ditue aztergai.

Irantzu Uriarte Kultura zinegotziak adierazo dauenez, Getxophotok bere lekua finkatu dau korronte artistiko abangoardistenen/aurrerakoienen ispilu legez eta nazinoarte mailako ezagutza eta dibulgazino ekitaldi kulturala bihurtu da. Ekimen hau, esan dau Uriartek, Begi Handi alkartearen lanaz gan, beste eragile pribatu eta sozial, kultural, merkatari, txoko, ostalaritzako establezimendu eta zaletu askoren arteko kolaborazinoaren emoitzea da, barriro be, Udala eta eragile ezbardinak alkarlanean.


Post Homo Sapiens. Etorkizuna programetan

Ohikoa danez, jaialdiaren lehenengo asteburu honetan batuko dira jarduera gehienak. Opening, edegiera ekitaldia, eguenean, 19:30ean, irailaren 5ean izango da Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendariak adierazo dauenez, ekitaldi berezia izango da. Bertan Monica Allende komisarioa eta parte hartzen daben 13 artista egongo dira eta, ospakizuna biribiltzeko, Neil Harbissonek, lehen zyborg bezela autortua izan dan artisteak, kontzertu labur sailkaezina eskainiko dau.

Barikuan, hilak 6, Itxialdia-ren zazpigarren edizinoa egingo da Punta Begoñako Galerietan. Egun osoan zehar, etorkizunari buruz eztabaidatuko dabe bertaratzen diranek hainbat adituk eskainiko dituen barriketaldiak eta aurkezpenak lagunduta.

Zapatuan, hilak 7, 11:30ean, San Nikolas plazatik bisita berezi bat abiatuko da, jaialdiaren ibilbidea egingo dauena; bisitea marmitakoa probauta amaituko da.

Arratsaldean, jaialdian parte hartzen daben artistakaz topaguneak egongo dira Torrene Aretoan, Algortako Azokan, Zabala ikastetxean eta Info Gunean.

Domekan, irailak 8, Torrene Aretoan, mundu birtualei buruzko topaketea egingo da (ingelesez) Ali Eslami artista iraniarragaz.

Era berean, hile osoan, kaleetan, Info Gunean eta Torrene Aretoan dagozan erakusketak bisitau ahal izango dira; egitarauak beste hainbat jarduera jasoten ditu, besteak beste, zapatuetako Hamaiketako-ak, Punta Begoñako Oheak proiekzinoak, Getxophoto por... topaguneak, eguneko eta gaueko bisitak, Edalontzi-azpikoen ibilbidea...


Argibideak eta izen-emoteak: www.getxophoto.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu