Irailaren 20an hasiko da taldekako Xilaba

Bizkaie! 2019-09-03 08:27   Bertsolaritzea

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko 34 bertsolarik hartuko dabe parte.

Mattinsalto taldea, 2018ko irabazlea (argazkia: EKE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ipar Euskal Herriko bertsolaririk onenak batzen dituan txapelketea da Xilaba, baina, oraingo honetan, taldeka egingo dabe, igazko moduan. Bertsolari eta antolatzaileak pozik geratu ziran 2018ko esperientziagaz, eta aurten barriro erabiliko dabe taldekako formulea, bakarkakoa barik. 2019ko edizino honetako parte-hartzaileak bederatzi taldetan banatuta agertuko dira oholtzan.

Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, hamabi saio jokatuko dira, moltsoen fasean hasi eta finaleraino. Lehenengo hitzordua irailaren 20an izango da, Itsasun. Hasta la 2toria eta Ekainaz taldeek kantauko dabe lehenengo saio horretan. Ligatxua urriaren 20ra arte jokatuko da, hiru moltsotan banatuta.

Moltso bakotxean puntu gehien batzen dabenek eta bigarren sailkatuen arteko onenak jokatuko ditue finalaurrekoak, Baionan eta Muskildin. Azkenik, final handia Izturitzeko Herriko Gelan izango da, zemendiaren 16an. Bertso-bazkari formatuan egingo dabe, eguerdiko 12:00etan.

Bederatzi taldek emon dabe izena, 34 bertsolarik guztira. Horri gehitu behar jakoz antolatzaileak eta gai emoleak. Ikus-entzuleak be ezinbestekoak izango dira, saio bakotxeko irabazlea aukeratzeko euren eretxia hartuko dabelako kontuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu