Aiko eta Slow Food Bizkaia alkarlanean dabiz KM 0 kulturearen sustapenean

Bizkaie! 2019-09-02 11:59   jantzea

Lehenengo jarduerea Larrabetzuko Eneko jatetxean egingo dabe datorren irailaren 6an.

Slow Food & Dance izan eitekean oso esparru desbardinetan dabizen arren, bien filosofia eta interesak topau dituen kultur erakunde biek iragarri barri daben akordiorako goiburua. Alde batetik, Aiko Taldea, Euskal Herriko jantza tradizionala zabaltzen dauen musikari eta jantza maisuz osotutako kolektiboa. Eta, bestetik, Slow Food Bilbao-Bizkaia Alkartea, tokiko elikadura ohituren aldeko mundu mailako gastronomia mobimenduaren Bizkaiko ordezkaritzea.

Orain hamar urte baino gehiago Aiko Taldea sortu zanetik, jantza eta musikea ulertzeko dauen modua Slow Dance legez zehaztu da behin baino gehiagotan, Slow Food mobimentuaren bersino koreografiko modukoa. Erakunde global hori 1989an sortu zan, tokiko elikadura kulturen eta tradizinoen desagerpenari aurre egiteko, biziteko erritmo azkarren gorakadeari aurre egiteko, kontsumiduten diran elikaduren aurreko interes faltearen kontra burrukatzeko, horreen jatorria ezagutzeko eta elikadureari buruzko erabagiek inguratzen gaituen munduan daben eraginaz jaubetzeko.

Elikadura onaren, garbiaren eta zuzenaren aldeko mobimentua 160 herrialde baino gehiagotan dago gaur egun. Bizkaiko kasuan, 2006ko bagilaren 1ean, bertako landa inguruagaz lotutako persona talde batek gaur egun Slow Food Bilbao-Bizkaia Alkartea dana sortu eben Deustuko Oriotarra tabernan. Aitzindari hereen artean Mariano Gómez presidentea egoan. Bera eta Sabin Bikandi Aiko Kultur Alkarteko presidentea izan dira erakunde bien arteko lankidetza akordioa martxan jarteko arduradunak.

Aiko Taldea eta Slow Food bat datoz bertoko kulturea defendiduteko interesari jagokonez, gastronomiaren eta jantzearen alorretan. Baina bertakoaren, autoktonoa danaren, defensa hori, aniztasunaren aurreko estimuan eta ezarritako estandarren aurreko kritikan be islatzen da, horreek fast food izenekoa edo jantzak munduko akademizismoa eta bateratzeko nahia badira be. Holan, aniztasuna produktore, sukaldari, jantza maisu, jantzari eta jantza zale bakotxarengana heltzen da. Slow Food mobimentua gustua hezteaz arduratzen da, eta Aiko jantzan egiten eta jantzaz gozetan erakusteaz.

Helburua sukaldaritzea eta jantzak ulertzea da, kozinetan eta jantzan egiten jakitea, errezetak eta koreografiak buruz ikasi beharrean, eta hurreko produktua eta eko-gastronomia defendidutea. Eta, aldi berean, jantzen arloan, jantzan egiteko modu ergonomikoa, naturala, personak errespetetan dituana, erabilerraza eta, esanahi horretan bertan, demokratikoa, defendidutea. Aikoren eta Slow Fooden eretxiz, oso garrantzitsua da gozetea, jaten denean edo/eta jantzan egiten danean, parte hartzea eta parte aktiboa izatea, gustuan eta jantzan gustora ibiltea, jaten doguna eta jantzan egiten doguna, horreen jatorriak eta gastronomia eta kultura tradizionalen inguruan dagoan guztia, hobeto ezagutzea, ahalik eta gozamen handiena lortzeko.

Nagusi dan biziteko eredu indibidualistearen eta lehiakorraren aurrean, beste persona batzuekaz komuniketako, hartu-emonak izateko, trukatzeko eta gozetako guneak sortzea da helburua. Eboluzionetako eta hobeto biziteko, Aikok eta Slow Food Bilbao-Bizkaia Alkarteak denporea bilatzea proponiduten dabe, kozinetako eta jateko astia izateko, baita jantzan egiteko be. Eta, aldi berean, gizateriaren elikadurea, koreografia eta kultura ondarea defendidu, gastronomia eta jantzak kultura diralako.

Kontuak kontu, Aikoren eta Slow Food Bilbao-Bizkaia Alkartearen arteko lehenengo jarduerea datorren irailaren 6an izango da, oso leku enblematikoan, Michelin izar bat dauen Larrabetzuko Eneko jatetxean. Eneko Atxa titularrak afari berezia preparauko dau, eta afariaren barruan, bertaratutako persona guztiek jantzan egingo dabe. Ekitaldiak, alboko upategian egindako txakolina omenduko dau, aurten nazinoarteko ardao onena izentau dabelako. Afari-erromeriarako egozan leku guztiak agortu dira. Aurretik mahastiak bisitauko dira.

Gorka Izagirre Upategiko 42 by Eneko Atxa 2015 txakolinak nazinoarteko ardao zuri onenaren Urrezko Domina Handia irabazi dau 2019an Ainglen (Suitza) egindako Bruselako Mundu Mailako Lehiaketan. Lehiaketan 46 herrialdetako 9.150 ardaok hartu dabe parte, eta 51 herrialdeko 363 adituk ebaluau ditue. Bizkaiko Txakolina Jatorri Izendapeneko produktu batek mundu mailako sailkapen hori lortu dauen lehen aldia da. Eneko Atxaren jatetxearen ondoan dagoan saritutako upategia, sukaldari bizkaitar ezagunaren eta Gorka Izagirre haren osabearen arteko ekimena da, eta 2005ean jarri eben martxan.

Informazino gehiago hemen (Erromeria Urbian).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu