Roboten iraultzea (II)

Zigor Aldama 2019-08-30 11:07   Bidaide

Automatizazinoaren aroan, gehiago inbertidu behar da hezkuntzan, sormena eta barrikuntzea bultzatzeko.

Zientzialari batzuek, tartean Elon Muskek eta Stephen Hawking zanak, uste dabe adimen artifiziala dala gizakiaren kontrako mehatxurik handiena. Ostera, IEEE, Injineru Elektriko eta Elektronikoen Institutuko buru Toshio Fukudak dino teknologia neutroa dala. Gauza onak zein txarrak egiteko erabili leiteke. Gure esku dago berau kontroletako mekanismoak indarrean jartea, azaldu dau. Isaac Asimov idazleak gizadia babesteko robotikearen hiru oinarrizko arauak idatzi zituan I, Robot liburuko kontakizun baten. Lehenengoa, robotek ezin izango deutsiela gizakiei minik emon, barrez hartu dau Fukudak. Arauak zaharkituta dagoz guztiz. Dronak personak hilteko zelan erabilten diran ikusi besterik ez dago. Idea barriak behar doguz, sektorearen garapenagaz bat datozanak, ziurtatu dau.

Edozelan be, ez dau emoten etorkizuneko roboten iraultza batek gehiegi arduratzen dauenik. Automatizazinoaren erruz galduko diran lanpostuek sortzen deutsie ezinegona. Etxean zein lantegian, makinak leku zabala hartzen hasi dira: lan-indarra merkea dan lekuetan be, esaterako Txinan, logistika eta fabrikazino sektoreak gero eta automatizaduago dagoz. Japonian, beharginak falta diranez, robotak erabilten hasi dira umeak zein zaharrak jagoteko. Garbi dago, lanpostuen % 30 edo 40 arriskuan dagoz. Pixkanaka, ohitu egin gara supermerkaduko kutxan beharginik ez topetera, aireportuetako fakturazino automatikora eta robot garbitzaileetara. Laster helduko dira automobil autonomoak, azaldu dau Fukudak.

Halandabe, zientzialari japoniar hau ziur dago desagertzen diran lanpostuen ordez beste batzuk agertuko dirana, gizarte nekazaria industriala izatera pasau zanean legez. Hori bai, aldaketa hori arrakastaz egiteko, herrialdeek gehiago inbertidu behar dabe hezkuntzan, Fukudaren arabera, sormena eta barrikuntzea bultzatzeko, horreek gizakien ezaugarri dira eta. Iraultza teknologiko honetatik kanpo geratzen diranei laguntzeko ahalegin handia egin beharko da, dagoeneko handiegiak diran desbardintasun sozialak areagotzeko arriskua bene-benetakoa dalako.

Fukudak ganeratu dau aldaketa soziala ez dala Sophia eta antzeko roboten eskutik helduko. Horreek robotak harrigarriak dira guretzat, baina oraindino torpeak. Robotikearen laugarren belaunaldikoak dira: erabilten daben ikusmen konputerizadua ez da kapaz edalontzi bat eta kikara bat bereizteko be. Ordenagailuarentzat bardinak dira. Gaur egungo adimen artifiziala ikasketa sakonean (deep learning, ingelesez) oinarritzen da, baina horrek ez dau aldaketa sakonik eragingo, daukazan mugakaitik, eta ez dalako arrazoitzeko gai. Gizakiei laguntzeko orduan balio leike, berbarako medikuari, baina seigarren belaunaldiak gaindituko gaitu.

Etorkizuneko robot horreek ez dabe inork agindurik emoterik beharko. Konszientzian dago aldea, eurak zer diran eta gu nor garan ulertuko dabe, eta autonomiaz jokatuko dabe. Aita batek semeari legez begiratuko gaitue, dino Fukudak, irribarrez. Baina, beharrezkoa da horraino heltzea? Zientzialariak baietz uste dau. Gizartea gero eta zaharragoa bada, eta giza-piramidea bueltea emonda badago, nork jagongo gaitu?. Baina Fukudak onartu dau robotikearen aro barriak mehatxuak be ekarriko dituala. Txikitan zer dagoan ondo eta zer txarto erakusten deuskuen moduan, robotei be ezagutza etiko sendoa emon behar deutsegu, gizartea ez deien suntsitu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu