Roboten iraultzea (I)
2019-08-14 08:57 BidaideSophiak algoritmoak eta sare neuronalak erabilten ditu jentea ezagutu, keinuak interpretau eta erantzunak emoteko.
Sophiak agertokira urteten dauenean, publikoa isil-isilik geratzen da. Zer esango ete dauen ikusminez dagoz adimen artifizialean adituak diran zientzialarien taldean. Sophia ez da adimen horretan aditua, bera da produktua. Munduko androiderik aurreratuena da, eta herrialde bateko herritartasuna daukan lehenengoa, 2017an Saudi Arabiak hango nazinotasuna emon eutsan eta.
Emakumezkoaren itxurea dauka, baina Txinako Nanjing uriko agerraldi honetan buruko zapi barik agertu da Sophia, herritartasuna emon deutsan herrialdean derrigorrezkoa dan arren. Holan, publikoak haren garuna ikusi leike, modu literalean, ze arpegiaren formadun silikonazko maskareak ez deutso burua tapetan, eta agirian ixten ditu pilo bat kable. Alicia Vikanderren tankerakoa da, Ex Machina filmean, baina robotaren itxura handiagoagaz: ez dauka hankarik, kamera ugari ditu paparrean, eta Hanson Robotics enpresa sortzaileko adituek ez deutsie tapau besoetako metala eta plastikoa azal artifizialez.
Halandabe, Sophiak jariotasunez egiten dau berba. Argi eta garbi erantzuten deutse egindako galderei, sarritan umore garratzez. Horri esker liluratu ditu hainbat telesaiotako ikusleak, esaterako, Pablo Motosen El Hormiguero eta Jimmy Fallonen Tonight Show-koak. Gizakia izeneko jantzea asmauko dot egunen baten, bota eutsan Motosi, honek robot baten ibilerea imitau ebanean. Beharbada, neuk aurkeztu beharko neuke saio hau, esan eutsan aurkezle amerikarrari, txiste baten ondoren publikoari barrez lehertu eragin eutsanean.
Sophiak ahotsa ezagutzeko sistemea eta adimen artifiziala erabilten ditu, galderak prozesau eta lainoan erantzun egokiak topetako. Batzuetan denporatxua behar dau erantzuna emoteko, eta alkarrizketatzailearen eta Sophiaren arteko isiltasun deserosoa sortzen da. Darabilen diskursoa bat dator arpegiko keinuakaz, baina batzuetan arpegikerok behartuegiak edo larregizkoak dirala emoten dau. Labur esanda: inor ez dau engainetan, baina harritu bai.
Sophia aurrerakuntza nabarmena da robotikearen eta adimen artifizialaren garapenean. Algoritmoak eta sare neuronalak erabilten ditu jentea ezagutu, keinuak interpretau eta erantzun egokiak emoteko. Pentsau eizue, adimen artifizialaren etorkizunaren inguruko zuen amesen personifikazinoa nazela, dino Sophia sortu dauen enpreseak bere webgunean. Adituen ustez, denpora kontua baino ez da androideek gizakien trebetasunak eta adimena gainditzea. Aurrerapen teknologiko hori aurreikusi dabenek ez ditue mendeak aitatzen, hamarkadak baino. Askok uste dabe 2045. urtearen bueltan izango dala.
IEEE, Injineru Elektriko eta Elektronikoen Institutuko presidente Toshio Fukuda da gai honetan aditu handienetako bat. Sorbaldeak altzau ditu, urte horretan adimen artifizialak gizakiena gaindituko ete dauen galdetuta. Beharbada bai; beharbada ez, erantzun dau irribarre zabalagaz. Teknologia gizakientzat garatu da bera presidente dauen institutuaren leloa. Nanjingeko I. Aste Teknologikoaren harira emondako alkarrizketan, Fukudak adierazo dau azken hori dala benetan garrantzitsua: Adimen artifiziala eta antzekoen aurrerapenean, etikea izan behar da oinarrizko balioa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!