Eskorbuto omenduko dabe Santurtzin
2019-08-30 08:43 MusikeaHorma-irudi handia inaugurauko dabe, eta kontzertuak egongo dira, zapatuan.
Punk musikearen mito bihurtutako Eskorbuto taldea Santurtzin sortu zan. Hori dala eta, Serantes Kultur Aretoak Eskorbuto Eguna antolatu dau, banda ospetsu haren ondarea aldarrikatu eta zaleak batzeko. Los Demenciales Chicos Acelerados alkartearen proposamen bat izan zan ekimena antolatzen hasteko abiapuntua.
Mamarigako jaien barruan antolatu ditue ekitaldiak, bihar, zapatua, goiz eta arratsalde. Alde batetik, Jon Mao artista santurtziarrak diseinau eta egindako zeramikazko horma-irudi handia inaugurauko dabe Vallejo kalean. 57 metro koadroko irudi horren bidez, Eskorbutoren indarra eta izakera errebeldea erakutsi nahi ditu Maok.
Zale ugari ditu gaur egun be Eskorbutok, Bizkaian bertan zein Espainia guztian. Halako arrastoa itxi dauen talde baten jaioterria Santurtzi izatea, beraz, harro egoteko modukoa da herriarentzat. Nahi daben zale guztiak, zahar eta gazte, belaunaldien arteko argazkia egitera deitu ditu Serantes Aretoak, horma-irudiaren aurrean.
Egitaraua biribiltzeko, iluntzean, kontzertua antolatu dabe Bruno Alegria kaleko parkinean. Dozena bat talde eta bakarlarik joko dabe. Konbidau bereziena, duda barik, Pako Galan izango da, Eskorbuton ibili zalako aspaldi. 1980ko hamarkadako beste musika-talde mitiko batek be, Zaramak, Santurtzigaz loturea eukan. Bertako lider Roberto Moso zapatuko kontzertuko beste parte-hartzaile bat izango da.
Serantes Aretoaren arabera, honeek dira kontzertuko beste taldeak: Eddie Costras, Rombos Negros, Deiedra, Argoma, Subversión X, Antídoto, Los Demenciales Chicos Acelerados, Stereal eta Los Cojones.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!