Euskal filmak, Uruguain ikusgai

Bizkaie! 2019-08-29 10:11   Zinemea

Irailaren 5etik 10era, 13 film luze eta labur proiektauko ditue.

Maider Oleagaren 'Muga deitzen da pausoa' | Ikusi handiago | Argazki originala

Uruguaiko Cinemateca erakundeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Zinebi jaialdiak, alkarlanean, euskal zinemagintzearen zikloa antolatu dabe Hego Amerikako herrialde haretan, irailaren 5etik 10era. Cinemateca Uruguayaren egoitzan izango dira proiekzinoak, Montevideo uriburuan.

Gaur egungo euskal sortzaileek egiten dituen filmak erakustea izango da zikloaren helburu nagusia. Horregaitik, oraintsu aurkeztutako 13 pelikula aukeratu ditue Uruguaira eroateko. Tartean dagoz Zinebi jaialdiaren azken edizinoetan arrakastaz aurkeztu diran lan batzuk. Sei film luze eta zazpi labur ikusiko dira.

Ziklo horri esker, Uruguaiko adituek eta zaleek Euskal Herriko zinemagintzearen gaur egungo jokeren eta ezaugarrien barri zehatza izango dabe. Zinebiko arduradunen esanetan, ezaugarri nagusi bi beteten ditue aukeratutako filmek. Batetik, gazteek egindakoak dira, eta emakume ugari dagoz zuzendari zein teknikarien artean; bestetik, euskal zinemagintzearen alderdirik libreena eta sortzaileena erakusten dabe.

Zinebi jaialdiak zinemagintza latinoamerikarragaz hartu-emon sendoak  izan ditu betidanik. Hego Amerikako sortzaile ugarik Bilbo bisitau dabe euren lanak aurkezteko, eta sariak be irabazi izan ditue. Uruguaiko zikloaren asmoetako bat da, hain zuzen be, ozeanoaren beste aldeko produktore eta zinemagileakaz loturea indartzea, eta euren proiektuak Europan aurkezteko plataformea eskaintzea.

Honeek dira zikloko 13 filmak:

- Ancora lucciole, María Elorza

- Oreina, Koldo Almandoz

- Zain, Pello Gutierrez

- Dualité, cartografías transculturales, Itxaso Díaz

- Variaciones de Winterreise, Inés García

- Izaro, Txuspo Poyo

- Amor siempre, Maider Fernandez

- Muga deitzen da pausoa, Maider Oleaga

- Ikusleak, Jesús M. Palacios

- Estrellado, Blanca Oria

- En la luna, Colectivo Hauazkena

- 592 metroz goiti, Maddi Barber

- Lurralde hotzak, Iratxe Fresneda

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu