Bertsoek girotuko dabe barikuko derbia

Bizkaie! 2019-08-27 08:12   Bertsolaritzea

Bilboko Poza kalean eta San Mames zelaian kantauko dabe bertsolariek.

Jon Maia, aurreko BertsoDerbi baten (argazkia: Athletic Club) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barikuan, hilak 30, Athleticek eta Realak derbia jokatuko dabe San Mamesen, eta 2012tik egiten dan legez, Bertso Derbiak hartuko ditu partiduaren aurreko orduak. Normalean, aretoren baten egin izan da Bertso Derbia, baina, oraingo honetan, aire zabalean kantauko dabe talde baten eta bestearen aldeko bertsolariek.

Realaren partetik, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus egongo dira. Athleticen ordezkari, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Xabi Paia. Amaia Agirrek jarritako gaiei erantzungo deutsie, nork bere taldearen alde eginaz.

Saioaren lehenengo partea Bilboko Poza Lizentziaduaren kalean egingo dabe bertsolariek, partidu aurreko giroa bizi-bizi egoten dalako han. Ondoren, partidua hasi baino ordubete lehenago (21:00ak bueltan), San Mames zelaiaren kanpoaldean batuko dira Enbeita, Paia, Egaña eta Amets Arzallus. Azkenik, Jon Maiak eta Maddalen Arzallusek botako ditue azken bertsoak, zelaiaren barruan.

Athletic Club eta Real Sociedad fundazinoek antolatzen dabe Bertso Derbia, talde bien arteko partidu ofizial bat dagoen bakotxean. Helburu nagusia klub bien arteko lehiakortasun sanoa sustatzea da, kirol esparrutik haragokoa. Kultureak eta kirolak batzen gaitue, antolatzaileen arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu