Donald Sutherlanden ibilbide luzea gogoratuko dau Zinemaldiak

Bizkaie! 2019-08-26 11:53   Zinemea

Donostia Saria emongo deutsie aktore kanadarrari.

Azken mende erdiko zinemagintzearen arpegi ezagunenetako bat da Donald Sutherland aktore beteranoa. Ibilbide luze eta oparoan, 200 film baino gehiagotan agertu da, kasu askotan pertsonaia gogoangarrien azalean. Genero guztietan agertu dau trebetasuna, draman, thrillerrean, gerra-zineman, bildurrezkoan zein zientzia-fikzinoan.

Ibilbide horretan egindako ekarpena autortzeko asmoz, 67. Donostiako Zinemaldiak Donostia Saria emongo deutso Sutherlandi. Aktorea Gipuzkoako uriburuan izango da irailaren 26an, Kursaalean saria jasoteko. Ekitaldi horretan, Giuseppe Capotondik zuzendutako The Burnt Orange Heresy thriller barria proiektauko dabe. Bertan agertzen da Sutherland, Mick Jagger, Claes Bang eta Elizabeth Debickigaz batera.

Donald Sutherland 1935ean jaio zan Saint Johnen (New Brunswick, Kanada). Injineru izateko asmoa alboratuta, antzezpenaren alde egin eban, eta telesail ugaritan parte hartzen hasi zan: The Saint eta The Avengers, besteak beste. Pantaila handian, Il castello dei morti vivi (Warren Kiefer, 1964) izan zan Sutherlanden lehenengoa, Christopher Lee handiaren ondoan.

Arrakastearen arrastoan sartu zan laster, The Dirty Dozen (1967) klasikoan egindako lanari esker. M.A.S.H. eta Johnny Got His Gun be publikoaren gustukoak izan ziran. 1970eko hamarkadan, Federico Fellini eta Bernardo Bertolucci zuzendari ezagunen aginduetara egin eban lan, Invasion of the Body Snatchers bitxian agertu baino lehen.

1980 eta 1990eko hamarkadetan be, aktore eta zuzendari ospetsuen alboan egin eban lan, JFK, A Time to Kill eta Space Cowboys filmetan, besteak beste. Azken urteotan, maila handiko pelikuletan ikusi ahal izan dogu, baita fenomeno sozial bihurtutako The Hunger Games sagan be.

Deigarria bada be, Oscar saririk ez dau sekula irabazi Donald Sutherlandek. Halandabe, Ohorezko Oscar Saria bai, emon eutsien 2017an, bere ibilbide osoagaitik. Urrezko Globoak, Emmy Sariak eta abar irabaziak ditu. Oraingo honetan, Donostiako Zinemaldiak autortuko dau Sutherlanden ekarpena. Aurten, Donostia Saria Penélope Cruzek eta Costa-Gavrasek be jasoko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu