Penélope Cruz aktoreari emongo deutsie Donostia Saria

Bizkaie! 2019-05-10 12:42   Zinemea

Zinemaldiaren 67. edizinoko karteletan be agertuko da.

Oscar bat eta hiru Goya sari ditu Penélope Cruzek, azken hamarkadetako Espainiako zinemagintzearen ikonoetako bat da. Hori dala eta, Donostiako Zinemaldiak omenaldia egingo deutso irailean, 67. edizinoan: Donostia Saria emongo deutso, eta kartel ofizialetako irudia izango da.

Donostia Saria 1986tik emoten dau Zinemaldiak, munduko zinemagintzearen figura handien ibilbide eta ekarpenari gorazarre egiteko. Ohorezko sari hori jasoten dauen bosgarren aktore espainiarra izango da Cruz, Fernando Fernán Gómez, Paco Rabal, Antonio Banderas eta Carmen Maurari lekukoa hartuaz.

Penelope Cruzek holan eskertu dau Zinemaldiaren errekonozimendua: Donostia Sariaren barri hau emozinoz beteta eta Donostia Zinemaldiagaz esker onez jaso dot, sekulako ohorea da niretzat. Zinemaldia ez da soilik nazinoartean errespetu handia dauen zinema-jaialdia, Espainiako garrantzitsuena be bada. Ganera, maitasun berezia deutsadan lekua da, oso gaztetatik bertaratu nazelako eta oso une zirraragarriak bizi izan dodazalako bertan. Mila esker bihotz-bihotzez.

Zinemaldiak karteletarako diseinu barria abiatu eban 2018an, konposizinoan argazkiak eta marrazkiak buztartuta, zinematografia garaikidearen figurak txertatzeko asmoz. Isabelle Huppertek inaugurau zituan kartelok igaz, eta 67. edizinoko karteleko protagonistea Penélope Cruz izango da. Kartel ofiziala TGA estudioak egin dau, Nico Bustos argazkilariak Cruzi eginiko erretratu batetik abiatuta.

Penélope Cruz (Madril (1974): Espainiako pelikuletan hasi zan ezagun egiten gazte-gaztetatik, Almodóvar, Trueba, Amenabar eta abarren aginduetara. Ondoren, nazinoartera salto egin eta, besteak beste, Woody Allenen filmetan parte hartu izan dau. Espainieraz, ingelesez, frantsesez eta italieraz egin ditu pelikulak.

Sari ugari emon deutsiez: Oscar Saria, Canneseko zinemaldian emakumezko aktorerik onenaren errekonozimendua, Frantziako Cesar, Britainia Handiko Bafta, Espainiako hiru Goya, Arte Ederretako Urrezko Dominea... Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean hirutan lehiatu da.

Bere filmografiako lanik esanguratsuenak: Belle Époque (1992), Jamón Jamón (1992), Abre los ojos (1997), La niña de tus ojos (1998), Todo sobre mi madre (1999), Vanilla Sky (2001), Volver (2005), Vicky Cristina Barcelona (2008), Pirates of the Caribbean, on Stranger Tides (2011), To Rome with Love (2013), Loving Pablo (2017) eta Dolor y gloria (2019).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu