Costa-Gavras omenduko dau Zinemaldiak
2019-08-20 08:08 ZinemeaDonostia Sarietako bat emongo deutsie zuzendari frantziarrari.
Irailaren 21ean Victoria Eugenia antzokian egingo dan gala berezian, Donostia Saria emongo deutsie Costa-Gavras jatorri greziarreko zuzendari frantsesari, bere ibilbidean egin dauen zinemagintza konprometidua autortzeko, 67. Zinemaldiko antolatzaileek jakin eragin dabenez. Adults in the Room, Costa Gavrasen film luze barria, proiektauko dabe ekitaldi horretan. Yanis Varoufakis politikariaren oroitzapenetan oinarritutako pelikulea da.
Azken mende erdiko zinema politikoaren eta salaketa sozialaren adierazle handienetako bat da Costa-Gavras. Zuzendu dituan hogei pelikuletan, besteak beste, diktadurak, garbiketa politikoak, arrazismoa eta finantza-munduak eragindako hondamendiak jorratu ditu. Batez be potere politikoaren makineria errukibakoari aurre egin behar deutsien norbanakoak dira haren filmografiaren gai nagusia.
1933an jaio zan Costa-Gavras, Grezian, baina gazterik emigrau eban Frantziara, bere jaioterriko politika ustelagaz gogaituta. Frantziako zuzendari ezagunen laguntzaile izan eta gero, 1965ean aurkeztu eban bere lehenengo film luzea, Compartiments tueurs. 1969an, Z filmari esker Oscar Saria irabazi eban.
Beste lan aitagarri batzuk dira L’aveu (1971), État de siege (1973), Section Spéciale (1975) eta Clair de femme (1979). 1980ko hamarkadatik, Estadu Batuen eta Frantziaren artean ibili izan da proiektuak egiten, batzuetan ingelesez. Music Box (1989) eta Mad City (1997) lanek errekonozimendua ekarri eutsien mundu guztian. 2012an, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean hartu eban parte, Le capital filmagaz.
Aurtengo bigarren Donostia Saria da Costa-Gavrasena. Izan be, Penélope Cruz aktore espainiarrari be sari hori emongo deutsiela iragarri eben antolatzaileek orain dala aste batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!